Albistea
Klaseetan ikasitakoa kanpora ateratzeko “gogotsu” daude Bermeoko Musika Eskolako ikasleak, eta martxoan horretarako aukera ugari izango dituzte; izan ere, mota askotako kontzertuak daude antolatuta.
Datorren astean, martxoaren 4tik 7ra bitartean, Musikaren Olatuak izeneko kamara kontzertuak eskainiko dituzte Musika Eskolan bertan.
Musikaren Olatuak izeneko kamara kontzertuen helburua da taldeetatik aparte musikariek daukaten errepertorioa eskaintzea. Modu horretara, taldeen parte ez diren musikariek ere aukera daukate ikasitakoa erakusteko. Musika tresna guztietako ikasleek parte hartuko dute kontzertuetan eta 30-45 minutuko saioak izango dira.
Martxoaren 12an (martitzena), berriz, Konboen kontzertua hartuko du musika eskolak, 19:30ean. Helduek eta gazteek parte hartuko dute, eta eskainiko duten errepertorio zabalaren barruan, doinu berriak entzuteko aukera egongo da.
Martxoaren 19an (martitzena), Santa Eufemia elizara eroango dute musika. 19:30ean hasiko den Udaberriko Kontzertuan musika eskolako taldeek parte hartuko dute (haizea, soka, konbo txikia, koroa, txistua, triki-panderoa eta flauta).
Bermeoko Zaharren Egoitzetara bisitak ere egingo dituzte. Hala, martxoaren 18an (astelehena), Egoitz Alai zaharren egoitzara hurbilduko dira triki-pandero taldekoak, 12:00etan. Ordu berean eta talde bera, Sancti Spiritus udal zaharren egoitzara joango da martxoaren 19an (martitzena). Azkenik, martxoaren 20an (eguaztena), Sancti Spiritus udal zaharren egoitzara bertaratuko dira flauta-jotzaileak, 17:30ean.
Musika eskolako zuzendari Estibalitz Arrizabalagaren esanetan, egoiliarrak “oso gustura” hartzen dituzte kontzertuak: “Eurak ezin direnez gurera etorri, gu joaten gara eurengana”. Era berean, musikarientzako beste agertoki bat dela dio Arrizabalagak: “Herriko beste alde hori ezagutzen dute, eta emoziozko uneak ere bizi izaten dira”. Dioenez, hiruhileko bakoitzean saiatzen dira zaharren egoitzetara bisitak egiten.
010 (94 617 91 00)