Albistea
Urtero bezala, Ekialdeko hiru Errege Magoak Bermeora etorriko dira urtarrilaren 5ean, zapatuan; eta, herri arrantzalea izanik, Erregeak itsasontziz helduko dira Bermeoko Portura, Artza Frontoi aurrera, arratsaldeko 18:00etan. Horrela, bermeotarrok portuan batuko gara euren etorrera ospatzeko. Erregeen kabalgatan 100 pertsonatik gora parte hartuko dute, eta ia 500 kilo gozoki banatuko dira, gluten gabekoak.
Lehorreratu ondoren, BUDEK elkarteak prestatutako karroza ikusgarrietan, hiru Erregeak kalerik kale ibiliko dira herritarrak agurtzeko eta kolorez eta gozokiz betetzeko herriko bazter guztiak.
Ibilbidea hau izango da: Portua, Lamera (kanpotik), Askatasun Bidea, Erreñe Zubi, Ondarraburu, Artieda tar Iñigo, Esparru, Bizkaiko Jaurerria, Arresi, Irakaskintza, Doniene, Goiko plaza, Arostegi, Lamera (barrutik) eta Liburutegia. Kabalgata bukatutakoan eta gaueko 21:00ak arte, udal liburutegian umeek euren azken eskariak egin eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute.
Segurtasuna bermatzeko helburuarekin, gozokiak batzerako orduan karrozetara ez hurbiltzeko eskatzen zaie herritarrei; eta, animalia biziak egongo direnez, kontuz ibiltzeko. Ildo honetan, Udaltzaingoa, eta talde antolatzaileen oharrei kasu egiteko eskatzen da. Trafikoari dagokionez, Erregeen kabalgatak irauten duen bitartean, ibilbideko kaleak itxita egongo direla gogoratu du udalak. Horrez gain, Erreñezubi kaleko sarreran hainbat aparkaleku eta Artza frontoi aparkalekuak kenduko dira, Erregeen kabalgata ez oztopatzeko eta arazo barik gune horretatik pasa ahal izateko.
Erregeen kabalgata BUDEK elkarteak eta Bermeoko Udalak antolatzen dute; Udaltzaingoa, Bermeoko Herri Babesa, Bermeoko Gurutze Gorria, Itsas Salbamendua, Izaro Bikers, Bermeotarrak fanfarrea, Udalaren Musika Eskola, Umeen danborrada eta herriko emakumeen laguntzarekin. Horrez gain, desfilean parte hartuko dute traktore-gidari, lastargia daramaten emakumeek, paje, postari, animalien gidariek eta umeek.
010 (94 617 91 00)