Albisteak

Albistea

Bermeoren altxorrak erakusteko bideoa egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Udalak elkarlanean

Eusko Ikaskuntzak Bermeoko historia kontatzen duten sei bideo ere egin ditu, Alde Zaharreko paneletan ikus daitezkeenak

 

 

Bermeoren altxorrak erakusteko bideo labur bat egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Bermeoko Udalak elkarlanean. Dron-ekin egindako bideo hori Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) eta Udalaren sare sozialen bidez zabalduko da, eta bere helburua da ikusten duten pertsona guztiei Bermeora etortzeko gogoa piztea. 

“Seguru gaude lortuko duela”, adierazi dute gaur Bermeori buruzko bideo hori eta turismoaren arloan egindako beste hainbat lan aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Aurkezpenean egon dira Irune Ormaetxea, Bermeoko Turismo zinegotzia; Ainara Etxebarria, Bermeoko Urigintza teknikaria; eta Koro Muro, Eusko Ikaskuntzaren proiektu arduraduna. 

Ormaetxeak adierazi duenez, bideo horretan, “Bermeok dituen altxor guztiak erakutsi nahi izan ditugu hainbat ikuspuntutik: paisaia, kultura, gastronomia, gizartea…”. “Horrela, itsasoa protagonista berezia bilakatzen den bideo horretan, Bermeoren xarma erakusten dugu, pertsona guztiei gure herrian gozatzeko dituzten aukeren berri emanez”, azpimarratu du. 

Bideoa, zelan ez, Gaztelugatxeko, Bermeoko altxorraren, irudi batzuekin hasten da, eta hortik herriko toki eder eta esanguratsuak erakusten ditu: Matxitxako, Tala, Portua, San Juan Portale, Torrontero, Izaro, Lamera, Talape, Aita Guria baleontzia, Arrantzaleen Museoa… Horrez gain, Bermeon ditugun arte-lan bereziak ere erakusten ditu: Olatua, Xixili, Bermeoko baleazaleen historia kontatzen duen Talako murala, Torronteroko eskulturak… 

“Gure bizia, gure arrantzaleak, kontserba-enpresak, azoka eta gure kalitatezko produktuak ere ikusteko aukera ematen digu bideoak”, adierazi dute. Ildo berean, arraunak eta Bermeoko jaiek ere presentzia dutela gaineratu dute. “Beraz, nahiz eta laburra izan, minutu eta erdikoa, hain zuzen ere, Bermeoren altxorrak eta xarma era polit eta erakargarrian erakusten ditu”, azaldu dute. Bideoa ikusteko linka: https://vimeo.com/221715180 

Panelak eta bideo txikiak 

Bestalde, gogoratu dutenez, Bermeko Udalak, Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, gure historia kontatzen duten bederatzi panel jarri zituen Bermeoko toki esanguratsuenetan, herria ezagutzeko ibilbide interesgarria osatuz, eta, aldi berean, Alde Zaharrera sartzeko gonbidapena eginez. Ondoren; sei paneletan QR-ak jarri zituen, eta, horien bidez, bisitariek eta herritarrek Bermeoko historia, ohitura eta jaiei buruzko bideo txikiak ikusteko aukera  dute. 

Bideo txiki horiek ere Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean egin dira, eta horietan panela kokatuta dagoen toki bakoitzeko historia edota gure herriko tradizio, ohitura eta jaiak erakusten dituzte era orijinalean, bai bermeotarrek bai turistek, ikusi eta gozatu ahal izateko”, azaldu dute. 

Panelak honako tokietan daude: San Juan Portalen, Prantzizko Deuna Atean, Gaztelun, Torronteron, Portuzarran, Baztarren, Talan, Goiko Plazan eta Gaztelugatxeko Donienen. 

Gogoratu dutenez, paneletan toki bakoitzeko informazioa ematen da era erakargarrian, argazki batekin batera. Horrez gain, plano batzuk ere osatzen dute panelak, eta plano horietan beste panelen kokapenen berri ematen da, kalez kaleko ibilbide interesgarri bat osatuz. “Horrez gain, sei paneletan, QR-en bidez, gure herriari buruzko bideo labur erakargarriak ikusteko aukera ere dugu”, gaineratu du. 

Horrela, panelen bidez osatutako ibilbide horrek, Ormaetxearen ustez, “aukera paregabea eskaintzen du, bai bermeotarrei bai turistei, gure herria eta gure kaleak eta txoko politenak ezagutzeko. Gainera, QRen bidez, bideo labur batzuekin Bermeoren historia, jaiak eta pasadizoak era orijinalean ezagutzeko aukera ere eskaintzen dute”. 

Hortaz, pertsona guztiak gonbidatu dituzte panelekin osatutako ibilbidea egitera eta Bermeoko paisaiaz eta historiaz gozatzera, izan ere, asko dira Bermeok gozatzeko eskaintzen dituen aukerak. 

15 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0