Albisteak

Albistea

Hurtado de Mendozaren orube eta lokal hutsaren etorkizuna herritarrekin batera definitzeko tailerra egingo da urtarrilaren 21ean

Galdeketa orri batzuk jarriko dira herriko hainbat puntutan kutxa laranja batzuetan, eta on-line bidez ere zabalduko dira

 

Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean (Mokoneko aldatzan) dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin batera definitzeko parte hartze prozesua martxan jarri du, ‘Bekoportala’ prozesua, hain zuzen ere. Parte hartze prozesu horren barne tailerra izango da urtarrilaren 21ean, zapatuan. Hitzordua goizeko 11:00etan Bermeoko Kultur etxean. Horrez gain, herriko puntu ezberdinetan kutxa laranja batzuk jarri dira norbanakoentzako galdeketa orriekin

‘Bekoportala’ parte hartze prozesuari buruzko galdeketa orriak eta kutxa laranjak honako tokietan egongo dira: Kultur etxea, Udal Liburutegia eta Araneko kiroldegia. 

Galdetegi fisiko horiez gain, on line galdetegia ere zabalduko da Bermeoko Udaleko web gunean eta sare sozialetan, besteak beste. Hona hemen galdetegia on line betetzeko link-a: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSea7MPfz9rycEIz3VyBskb2zZwDZAk7SWxPYDBo5EFlArI4TQ/viewform 

Irune Ormaetxeak, Urigintza zinegotziak, azaldu duenez, lehenenik eta behin, “herritarren parte hartzearekin, Alde Zaharreko eta zehazki, gune horretako beharrak identifikatu nahi ditugu; eta, behin horiek ezagututa, orube eta lokal hori zertara bideratu daitezkeen aztertu herritarrekin batera”. “Ondoren, proiektua egin eta lanak martxan jarri erabakitako erabilerari egokituz”, gaineratu du. 

“Helburua bikoitza da: alde batetik Lameratik Alde Zaharrerako sarrera den gune hori balioan jartzea, izan ere, historikoki Antzinako portutik Bermeoko hirian sartzeko ate nagusienetariko bat izan zen; eta, beste alde batetik, herriari aukera eman gune hori zelan berreskuratu nahi duen erabakitzeko”, nabarmendu du. 

Horrela, Ormaetxeak herritarrei parte hartze prozesuan parte hartzera gonbidatu die, eta ildo honetan urtarrilaren 21ean, zapatuan, egingo den tailerrera etortzera eta galdetegia betetzera, “guztion artean Hurtado de Mendoza kalean (Mokoneko aldatzan) dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna definitzeko eta gune hau berpizteko”. 

11 / 01 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0