Albistea
Kudeaketa gardena bermatze aldera, Bermeoko Udalaren helburuak dira kultura parte-hartzailea bultzatzea eta herritarrei erabaki zehatzak hartzeko ahalmena ematea. Horrela, Udalak parte-hartze prozesua ireki du herritarrek aurrekontuetako 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko. Parte-hartze prozesua Guzan eta Udal gobernuak elkarlanean garatu dute, izan ere, euren arteko akordio baten emaitza da.
Proposamenak aurkezteko epea irekita dago maiatzaren 14ra arte, eta Bermeon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek aurkez ditzakete euren ideiak. Horretarako, hiru bide daude: Berhaz bulegoa, aurrekontu parte-hartzaileen webgunean (erabaki.bermeo.eus) dagoen formularioa beteta eta antolatuko diren bileretan parte hartuta.
Proposamenak jaso ondoren, Bermeoko Udalak aztertu egingo ditu eta bideragarriak direnak publiko egingo ditu. Era berean, herri mailan bozketa bat antolatuko du, onarpen handiena duten proiektu edo proiektuak martxan jartzeko helburuarekin.
Proposamenen ezaugarriei dagokienez, inbertsioak egiteko izan behar dira (azpiegiturak, obrak, berreraikitzeak, konponketak, proiektuen idazketa…) eta bermeotarren interes orokorrari erantzun beharko diote. Ildo berean, proposamenak udal eskumendun inbertsioak egiteko izango dira.
Herritarrek egiten dituzten proposamenak tekniko eta talde politikoen ordezkariekin osatutako mahai batek aztertu eta baloratuko ditu, eta horiei oniritzia emateko honako irizpideak erabiliko dira: interes publikoari erantzutea eta ez pribatuari, udalaren konpetentzia izatea, teknikoki bideragarria izatea, aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea eta inbertsio motako proposamena izatea.
Proiektuen bozketa
Mahai horretan oniritzia jasotzen duten proiektuak botazio fasera pasako dira eta horiek publiko egingo dira, herritarrei proiektu ezberdinei buruzko informazioa helaraziz. Proiektu horien gaineko azken erabakia botazio bidez ebatziko da.
Botazio horretan 16 urte bete dituzten eta Bermeon erroldatuta dauden herritarrek parte hartu ahal izango dute. Botoen bidez, aurkeztutako proiektu ezberdinen artean herritarrek nahiago dituztenak azalduko dute, haien ustez herriaren garapenerako garrantzitsuenak direnak, hain zuzen ere. Bozketa epean, Bermeoko Udalak hainbat hautestontzi jarriko ditu herritarren eskura herriko hainbat puntuan.
Bozketako emaitzak lotesleak izango dira Bermeoko Udalarentzat, eta boto gehien lortu duen proiektua exekutatu behar izango da. Proiektu irabazlea exekutatzeak prozesu horretara bideratutako kopuru osoa ez gastatzea suposatuko balu, boto emaitzen hurrenkera jarraituta proiektu gehiago exekutatuko dira, 200.000 euroko kopurua amaitu arte, beti ere irabazi ez duten proiektuek emandako kopuruen artean %10eko babesa lortu badute gutxienez.
Beste proiektuek botoen portzentaje hori eskuratuko ez balute, Udalak erabakiko luke gerakina zein inbertsioetara bideratu. Aukeratutako proiektuen exekuzioan herritarren partaidetza bermatzeko formulak bilatuko dira, eta prozesu guztiaren informazioa zabalduko da aurrekontu parte-hartzaileen webgune zein Bermeoko Udalak bere eskura dituen kanal guztietatik.
Bermeoko Udalak herritarrak parte-hartze prozesu honetan parte hartzera gonbidatu ditu, “Bermeorentzat onuragarriak inbertsioak proposatzera, Bermeo guztion artean eraikitzeko”. Bermeoko aurrekontu parte-hartzaileei buruzko informazio guztia erabaki.bermeo.eus webgunean eskuratu ahal izango da.
010 (94 617 91 00)