Albisteak

Albistea

Bermeoko Arraun Elkartearen harrobia aurkeztu da

Bermeoko Arraun elkarteak neska-mutil gaztetxoak arrauna egitera animatu ditu

 

 

Bermeoko Arraun Elkartearen harrobia aurkeztu zen joan den zapatuan, otsailaren 9an, eta Bermeoko Portuan egin zuten argazki ofiziala. Harrobiak batel tenporada hasiko du eta Bermeok bost batel ditu lehiaketan parte hartzeko. 

Bermeoko harrobia 30 gaztetxo inguruk osatzen dute honako kategorietan banatuta:  benjamina (lau mutil), infantila (bi mutil eta bi neska), kadeteak (bi neska eta hamar mutil inguru) eta  jubenila (6 mutil). 

“Ilusio handia dute Bermeoko neska-mutil arraunlariek; izan ere, guztiek kirola egiteko aukera izango dute, guztiek estropadetan parte hartuko baitute, arraunean gozatzeko aukera izugarria izanik”, azpimarratu dute Bermeoko Arraun Elkarteko harrobiko arduradunek. 

Bermeoko Arraun Elkartean astelehenean, eguaztenean, eta barikuetan entrenatzen dute, zapatuetan estropadetan parte hartzen dute eta domekatan berriro ere entrenatu. Horretarako hiru entrenatzaileekin (neska bat eta bi mutil) osatutako taldea dute. 

Bermeoko Arraun Elkarteko harrobia momentu honetan Batelen Ligan parte hartzen ari da. Honakoa da egutegia: otsailak 16 (Sestao), otsailak 23 (Sestao), martxoak 2 (Ondarroa), martxoak 10 (Sestao) eta martxoak 16 (Sestao), martxoak 23 eta 24 (Bermeo), martxoak 31 (Sestao) eta apirilaren 6an eta 7an Bizkaiko txapelketa izango da Sestaon. 

Arraun-zaletasuna herrian zabaltzeko ahalegin eta lan garrantzitsua egiten dute Bermeoko Arraun elkarteko harrobiaren arduradunek. Arraun elkartean bederatzi urtetik gorako neska-mutil guztiek parte hartu ahal dute eta arraunarekin gozatu. 

Horrela, Bermeoko Arraun elkarteak ume eta gaztetxoei, neska eta mutilei,  Arraun elkartera etortzera animatu die, kirol hori egitera probatzera. “Arrauna guztiontzako kirola da, eta garrantzitsua da Bermeon zaletasuna mantentzea. Horretarako ezinbestekoa da belaunaldi berriak kirol hau egitera animatzea”, azpimarratu dute.  

11 / 02 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0