Albistea
Bermeoko Udalak Tekunigaz herriko argiteria eskaintzeko kontratu berria sinatu du eta, horren bidez, “argiteria publikoa merkeagoa” izango da eta “gure ingurua gehiago errespetatuko” da.
Benito Ibarrolazak, alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, Bermeoko Udalak Tecunigaz duen kontratu berri honen bidez honako zerbitzuak eskainiko dira: energia kudeaketaren prestazioa, mantentzea, berme osoa, herriko argitegia berritu eta hobetzea, eta energia gutxiago gastatzeko, zein energia berdeak bultzatzeko, inbertsioak egitea.
Alkateordeak adierazi duenez, kontratu berri honekin “hainbat hobekuntza izango ditugu”; izan ere, “erabiliko den energia guztia (%100) energia berdea izango da”. “Argindar hori iturri berriztagarrietatik eta eraginkortasun handiko kogeneraziokoetatik ateratakoa izango da”, gaineratu du.
Gainera, adierazi duenez, instalazioen eraginkortasun handiari esker, “energiaren %63 aurreztuko dugu”. “Herriko luminarien %70 LED motakoak izango dira; LED horien argi-tonua Urdaibaiko Biosferaren Erreserba babestekoa modukoa izango da eta gure ikusmena ez da horrenbeste nekatuko”, azaldu du Ibarrolazak.
Era berean, esan duenez, “argi-kutsadura ezabatzea” lortuko da, “FHSa gutxituko denez, gauez zerua hobeto ikusi ahal izango dugu”. “Horrez gain, instalazioak hobetuko dira eta, holan, egon ahal diren arazoak gutxituko dira, eta arazoren bat dagoenean, arinago erantzungo da”, nabarmendu du.
“Gure herriak energiaren eta argindarraren politika berdeagoaren aldeko apustua berretsiko du. Holan, gaur egun daukaguna zainduko dugu eta etorkizunerako babestu”, adierazi du Ibarrolazak. Guzti horri buruzko informazioa emateko esku-orriak banatu dira Bermeon.
010 (94 617 91 00)