Albisteak

Albistea

BERMEO BATERA ekimenak gaixotasun arraroak ikusarazi eta [Eutsi gogor denok batera] elkartearentzat dirua bilduko du

- Urriaren 10ean eta 11n Bilbon burutuko den Gaixotasun Arraroen Konferentziaren atariko gisa, urriaren 4-tik 8ra bitartean BERMEO BATERA ekimena ospatuko da.

- Kultur jarduerez (hitzaldiak, proiekzioak, musika, dantza, kirola...) betetako egitasmoak, gaixotasun arraroak ikusaraztea du helburu, elkartearentzat dirua biltzeaz gain.

Bermeon, 2023ko urriaren 4an.- Aurreko urteetan Bermeoko Ziklistek Dalecandela-rekin batera hasi zuten ibilbide solidarioen eta 24 orduko erronken bidea. [Eutsi Gogor denok batera] elkarteak bere aldetik urteak daramatza gure herrian ekitaldi desberdinak antolatzen eta hala nola beste batzuetan esku hartzen, San Silbestre lasterketan eta Aldapa Xtreme-en, besteak beste.

Aurten txirrindulariek eta aipatutako elkarteak indarrak batu dituzte BERMEO BATERA antolatzeko eta herriko pertsona zein talde askoren babesa jaso dute, hogei taldetik gora agertu dira prest ekimen honetan esku hartzeko hain zuzen. Kultur jarduerez betetako egitasmoak, gaixotasun arraroak ikusaraztea du helburu, elkartearentzat dirua biltzeaz gain.

Eskualdeko enpresa askok ere parte hartu nahi izan dute ekimen solidario honetan eta dirulaguntzak eman dituzte egitarau potoloa martxan jartzeko. Horrez gain, Urdaibai Arraun taldeko kirolariek beraien taldeko arropak eta mundu mailako hainbat txirrindularik (Pogacar, Mikel Landa, Alejandro Valverde, Pello Bilbao…) ere beraien maillotak eskaini dituzte igandean ospatuko den zozketarako. Mailloten zozketan esku hartu nahi duenak tiketak ditu salgai Andeko, Joshe mari, Oker, Irish, Kresala eta Izaro ostatuetan.

Azpimarratzekoa da herriko eta bestelako elkarte zein erakundeek erakutsi duten konpromisoa eta eskuzabaltasuna ekimenarekiko. Besteak beste, Eutsi gogor denok batera, Dalecandela, Bermeoko Ziklistek,  Taraska athletismo taldea, Izaro bikers, Dantzaz blai, Josepa kale kale, Herri babesa, Gurutze gorria, Zeramika elkartea, MB2000, Alkartasuna dantza taldea, Erraldoien konpartsa, Bermeo abesbatza, Buffalo club, Motx pailazoa, Ross dantza taldea, Xaibor eta Bermeoko udala.

Egitarau potoloa

Bermeo Batera ekimenari gaur bertan emango zaio hasiera, horrela, arratsaldeko 18:30ean, interesdunek Gaixotasun arraroei buruzko hitzaldi-solasaldia eta “Tandem” dokumentala ikusteko aukera izango dute Nestor Basterretxea aretoan. Bihar, urriaren 5ean,  arratsaldeko 18:30ean baita ere, Jaime Lafitaren senideekin solasaldia eskainiko da eta Lafita beraren esperientziei buruzkoa dokumentala proiektatuko da Nestor Basterretxea aretoan.

Urriaren 6an, Bermeoko Ziklistek 24 orduko erronka burutuko dute (Bermeo-Gernika-Mungia-Bermeo ibilbidea 24 orduz jarraian) Izaro Bikers, Erraldoiak eta Dantza Taldeak lagunduta. Egun  berean Bermeoko Erraldoien eta Dantzazblai-en kalejira egongo da Lameran.

Urriak 07 larunbaterako antolatutako ekitaldiak Lameran bertan burutuko dira, lasterketa eta herri kirola haurrentzat, haurrentzako jolasak eta eskulanak, Xaibor, Bermeoko abesbatza, Josepa kale kale, Marmitako herrikoia, eta Bermeo Batera Festibala. Jaialdian Aiama, Miss Baker, The Uski´s eta Tximino taldea arituko dira.

Bukatzeko, urriaren 8an, rapelaz, tirolinaz, ur jokoez eta motz pailazoaz gozatzeko aukera izango dute Goiko plazara hurbiltzen direnek. Lameran boxeo eta gimnasia erakustaldia izango da eguerdi partean eta ondoren oparien zozketa.

04 / 10 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0