Albisteak

Albistea

Astillero de Bermeo S.Lri emandako jarduera baimenaren inguruko polemikaren aurrean Bermeoko Udal Gobernuaren erantzuna

ASTILLERO DE BERMEO S.L-ri emandako jarduera baimenaren inguruan zabaldutako polemikaren inguruan Bermeoko Udal Gobernuaren erantzuna:

 

  • Bermeoko Udalak Astilleroari jarduera baimena eman beharra dauka, gaur egun indarrean dauden lege eta planeamenduak betetzen dituelako. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailek eta Udaleko hainbat teknikarik egindako txostenak aldekoak dira. Gainera txosten horiek lotesleak dira. Beraz, Udalak baimena eman behar dio nahitaez, bestela prebarikazioa egingo genuke.

 

  • Herritarren osasuna Bermeoko Udalarentzat garrantzitsuena da, lehentasuna, hain zuzen ere. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari osasun txostena egiteko eskatzerakoan, herritarren kezka helarazi genion.  Osasun sailak bere lana egin ondoren aldeko txostena egin zuen 2015ean. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ere 2016an Astilleroaren jardueraren aldeko txostena helarazi zigun.

 

  • Txosten guztiak aldekoak eta lotesleak izanda, herritarren plataformaren eskariari erantzuna emateko modu bakarra Astilleroa beste leku batean kokatzea izango litzateke. Horretarako, aukera bakarra Eusko Jaurlaritzak Portuetako plan berezian beste kokapen bat aurreikusi beharko luke. Hori dela eta,  Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzari Plan bereziaren aldaketa bat eskatu dio behin da berriz bide ezberdinen bidez (bilerak, idaztiak, portuko plan bereziaren aldaketan egindako alegazioak).  Eusko Jaurlaritzak aztertuko duela esan digu, baina bitartean, Eusko Jaurlaritzak argitu digunez, indarrean dagoen planeamendua gaur egunekoa da. Beraz, legedia hori da, eta ontziola 2009an Eusko Jaurlaritzak emandako kontsezio administratiboa duen legezko jarduera bat da.

 

  • Kontuan hartu behar da gai hau ez dela oraingoa eta 2008tik datorrela. EAJren Udal Gobernuak 2009an beirazko zuntza eta olezko itsasontziak egiteko pabiloia eraikitzeko baimena eman zuen, jarduera baimena tramitatu aurretik. Hori dela eta, harrigarria da polemika hau orain kaleratzea eta ez 2009an, EAJk baimena eman zuenean. Horrez gain, EAJren koherentzia eta erantzukizun falta salatzekoak dira, era ezberdinean jokatzen ari da gobernuan zegoenean eta orain ez dagoenean.

 

  • Herritarren osasuna bermatzen ez duen eta ingurumena errespetatzen ez duen  jarduerarik ez dugu nahi gure herrian. Baina, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Osasun sailek eta Udalak eskatutako baldintzak betetzen ditu; eta, hori dela eta, baimena eman behar diogu, bestela, delitu bat egingo genuke. Hala ere, Udalak neurri guztiak betetzen direnaren jarraipen zehatza egingo du, lehen aipatu dugun bezala, herritarren osasuna guretzat lehentasuna delako.

 

 

 

21 / 04 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0