Albistea
Bermeo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ospatzen ari da egunotan eta larunbatean, estropada hasi aurretik, ohikoa den Sukalki Eguna antolatuko da
Bermeon, 2019ko irailaren 11n. Bermeo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ari da ospatzen egunotan eta gaur, herriko alkate Aritz Abaroak eta Urdaibaiko Presidente Agustin Aramburuk Eusko Label Ligako Bermeo Hiriko XXXVII. Bandera - Avia Sari Nagusia aurkeztu dute Arrantzaleen Museoan. Estropada larunbatean ospatuko da, Bermeon ohikoa den Sukalki Egunarekin bat etorriz.
Hainbat jai egunen ondoren, Bermeo bere jaien bigarren zatian sartu da. Pregoiaren lehenengo eguna, Arrantzale Eguna eta herri kirolekin eta lehen mailako bertsolariekin gozatzeko aukera eman zigun asteartea igaro ondoren, gaur goizean, zalantza barik asteburuko protagonistetako bat izango dena aurkeztu da: Eusko Label Ligako Bermeo Hiriko XXXVII. Bandera - Avia Sari Nagusia.
Estropada jaietako egun garrantzitsuenetako batean etorriko da: Sukalki Egunean. Bermeotarrak Talan elkartuko dira larunbatean euren sukalkiak prestatzeko, partaidetza handia aurreikusten den egunean. Eguna goiz hasiko da eta lehiaketa egin eta sariak banatu ondoren herritarrak portura jaitsiko dira jai giroan, euren taldea animatzera. Aritz Abaroa Bermeoko alkateak emango dio bandera estropadaren irabazleari.
Oso jardunaldi berezia izango da, inolako zalantza barik, Bermeon asko atsegin ditugun bi jarduera ospatuko dira eta: Sukalki eguna eta herriko bandera. Bermeotarrek beti erakutsi dute interes berezia estropaden inguruan, eta eguna gogo eta maitasun bereziz hartzen dute. Horrez gain, Sukalki egunarekin batera egingo da eta, horrela, jai jardunaldi dibertigarria eta oso koloretsua bilakatuko da. Herriak besoak zabalik jasoko ditu bisitari guztiak, lehen mailako ikuskizun bikainaz gozatzeaz gain, herriko jaiez gozatzeko aukera ere izan dezaten.
010 (94 617 91 00)