Albistea
-Herriko alkate Aritz Abaroak aurrekontua egiteko bermeotarren iritziak jasoko dituen parte-hartze prozesua aurkeztu du gaur goizean
-Bestalde, ordenantza fiskalen berri eman du eta aurtengo zerga eta tasetan igoerarik ez aplikatzea erabaki dela adierazi du
-Azkenik, Udal Gobernuan aldaketa egon dela jakinarazi du
Bermeon, 2020ko irailaren 25ean.- Bermeoko Udalaren osoko bilkura bukatuta, herriko alkate Aritz Abaroak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Kultur Etxean eta hainbat gairen gainean hitz egin du. Lehenbizi, 2021. urteko aurrekontua egiteko bermeotarren iritziak, lehentasunak eta proposamenak jasoko dituen parte-hartzeko prozesua aurkeztu du. Ondoren, datorren urteko ordenantza fiskalen eta hobarien berri eman du eta, azkenik, Udal Gobernuaren estrukturak izango duen aldaketa azaldu du. Izan ere, Jose Mari Larrozea zinegotziak arrazoi pertsonalengatik kargua utziko duela adierazi, bere ordezkoaren berri eman (Ainhoa Arenal izango da) eta Udal Gobernuaren egitura berria azaldu du. Gaurtik aurrera, Bermeoko Zerbitzu Sailaren ardura Idoia Platas alkateordeak izango du eta Udaltzaingoa alkatetzatik kudeatuko da zuzen-zuzenean.
Parte-hartze prozesua:
Bermeoko Udala 2021. urteko aurrekontua prestatzeko lehen urratsak ematen dabil eta gaur goizean hau garatzeko lehenbiziko pausuak eman ditu. Izan ere, Udalak herritarren iritzia ezagutu nahi du eta horretarako, parte-hartze prozesu bat abian jarriko du.
2021. urtea ekonomikoki zaila izango dela aurreikusten da. Hori horrela, prozesu parte-hartzaile hau 2020ko aurrekontuetan egindakoaren jarraipen modura planteatzen du Udalak. “Datorren urtean baliabide ekonomikoak askoz murritzagoak izango dira COVID 19aren ondorioz bizi izan dugun geldialdiagatik. Horregatik, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da duela hilabete batzuk herritarren iritzia entzunez ezarritako lehentasunak errepasatu eta eguneratzea”.
Herritarrek parte hartu ahal izateko inprimaki bat prestatu du Udalak, eta bertan bi ariketa erraz aurkitu daitezke. Alde batetik, herritarrak 1etik 6ra ordenatu beharko ditu ondorengo lan-lerroak, betiere bere lehentasunen arabera (‘1’ lehentasun handiena duena izango da eta ‘6’ gutxien duena):
- Berraktibazio ekonomikoa
- Irisgarritasuna
- Segurtasuna
- Garbitasuna
- Aisialdia – Kultura – Kirola
- Arlo soziala
Bestetik, bigarren ariketan, herritarrak Bermeorentzako onuragarriak diren neurri edo ekintzak proposatu ahal izango ditu, betiere aurreko 6 lan-lerroen eskema jarraituz. Hau da, ‘Arlo soziala’ lan-lerroan, adibidez, esparru honetan herriarentzako epe ertain-laburrean onuragarriak izango diren ekarpenak egin ahal izango ditu.
Herritarren iritziak jasoko dituen inprimaki hau eskuratzeko hiru bide egongo dira: alde batetik, Udalak etxez-etxe banatuko du, bestetik, herritarrak www.bermeo.eus webgunean deskargatu ahal izango du elektronikoki bete ahalko den dokumentua, eta hirugarrenik, Kultur Etxean, liburutegian edota Berhaz bulegoan ere eskuragai egongo da. Dokumentua bete eta gero, herritarrak hiru udal instalazio hauetan (Berhaz bulegoa, Kultur Etxea eta Liburutegia) jarriko diren hautestontzietan utzi ahal izango du edo, nahiago badu, partehartzea@bermeo.eus helbidera bidali ahal izango du.
Ordenantza fiskalak:
Bestalde, Bermeoko alkate Aritz Abaroak hurrengo urteko zerga eta tasetan igoerarik ez aplikatzea erabaki dela adierazi du. Inguruabar ekonomikoak eta pandemiaren ondorioek familiak ere zuzen-zuzenean ukitu ditu. Hori horrela izanik, Udal Gobernuak ez du uste zerga eta tasetan igoerak aplikatzeko unea denik. Gainera, aurreko urteetako hobariak mantentzen direla adierazi du baina antolaketan aldaketaren bat ere egongo dela jakinarazi du. Zenbait kasutan, obra lizentziaren tasatik zergara pasatzen dira hobariak. Hau da, Hirigintza Lizentzian hobaria aplikatu beharrean, orain, Eraikuntza, Instalazio eta Obraren Gaineko Zergan aplikatuko da hobaria. Hauek dira, hain zuzen ere, lekualdaketa izango duten hobariak:
- Eraikinen fatxadak margozteko Eraikuntza, Instalazio eta Obraren Gaineko Zergan %50eko hobaria egongo da.
- Alde Zaharreko birgaitze lanetan zerga kuotan %50-eko hobaria egongo da.
- Abeltzaintza arloko jarduera daukaten baserriak birgaitzeko %90eko hobaria egongo da aipatu zergan.
- Mugitzeko %65eko ezintasuna duten pertsonak bizi diren etxeetan irisgarritasuna edo bizi baldintzak hobetzeko elementu pribatiboetan egindako lanek %50eko hobaria izango dute aipatu zergan.
- Zerga honen kuotan %30eko hobaria izango dute etxebizitzetako jabe elkarteek igogailua lehen aldiz jartzeko edo portalean irisgarritasuna hobetzeko baldin eta auzoan mugitzeko %65eko ezintasuna duen pertsona bat bizi bada.
- Zerga kuotaren %50eko hobaria izango dute Bermeoko merkataritza lokaletan jarduera berriak irekitzeko egiten diren lanek, baldin eta jarduera berri hauek publikoarentzako zabalik badaude.
Bestalde, Bermeoko alkateak hobari berri baten berri eman du. Izan ere, zerga kuota honetan %60ko hobaria izango dute eguzki energiaren bidez beroa edo elektrizitatea sortzeko sistemak instalatzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obrek.
Udal gobernuaren egitura berria:
Azkenik, Udal Gobernuaren egiturak izango duen aldaketaren berri eman du Abaroak. Bermeoko zinegotzi Jose Mari Larrozeak arrazoi pertsonalengatik bere kargua utziko du eta, bere ordez, Ainhoa Arenal sartuko da. Ondorioz, Zerbitzu Sailaren ardura Idoia Platas alkateordeak hartuko du eta, gaurtik aurrera, Udaltzaingoa alkatetzatik kudeatuko da zuzenean.
010 (94 617 91 00)