Albisteak

Albistea

2 urteren ondoren, Bermeok bere ohiko lasterketa herrikoiari ekingo dio berriro ere urtarrilaren 29an

- XVII. edizioa betetzen duen lasterketa hau Bermeoko Udalak, Taraska gazte-zahar elkartearekin elkarlanean antolatzen dute.

- Tradizioari jarraituz, ekimen herrikoia da, helburu soziala duena, eta adin guztietako bermeotarrei zuzenduta dagoena. Bildutako dirua San Frantzisko herri eskolako gela egonkorrak jasoko du ikasleen artean kirol praktika sustatzeko helburuarekin.

- Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Areneko kiroldegian. Leku librerik egonez gero, lasterketaren egunean ere egongo da izena emateko aukera, 10:30ean.

Bermeon, 2023ko urtarrilaren 16an.- Pandemiaren ondorioz 2 urtez ospatu ezinik egon ondoren, Bermeoko Udalak, Taraska gazte-zahar taldearekin elkarlanean, ohiko lasterketa herrikoia berreskuratu du. Hitzordua datorren urtarrilaren 29an izango da, igandea, Lameran.

Gaur goizean bertan, Aritz Abaroa Bermeoko alkateak eta Taraska gazte-zahar taldeko Ana Uriarte eta Luis Gondra kideek ekitaldiaren xehetasun guztiak azaldu dituzte.

Tradizioari jarraituz eta ohikoa den bezala, ez da lasterketa lehiakorra, adin guztietako bermeotarrek parte hartu ahal izango duten ekimen herrikoia baizik. Ildo horretan, bildutako dirua San Frantzisko herri eskolako gela egonkorrak jasoko du ikasleen artean kirol praktika sustatzeko helburuarekin, hain zuzen ere.

Bi urte egin ezinik egon ondoren, azkenean, Bermeoko kaleek berriro ikusiko, eta batez ere sentituko dute kirola. “Bermeotarrek hain gustuko duten ekimen honi berriro ekiteko irrikan gaude. Proiektu horrek gobernu-talde honen funtsezko helburuetako bat sustatzea ahalbidetzen digu: adin guztietako biztanleen artean bizimodu osasungarria sustatzea. Kirola herritarrengana hurbildu nahi dugu, aktibo mantentzea zein garrantzitsua den azaldu nahi diegu", adierazi du Aritz Abaroa alkateak. “Ez dago zalantzarik osasuna eta kirola lotzen dituen harremana estua dela oso, baina, horretaz gain, lehiakortasuna alde batera uzten badugu eta lasterketari herrikoitasunak eta elkartasunak eskaintzen dioten xarma gehitzen badizkiogu, ekitaldia ezinbesteko hitzordu bihurtzen da. Hori dela eta, adin guztietako bermeotarrak datorren igandean, urtarrilak 29, parte hartzera animatzen ditugu” gehitu du.

Lasterketari dagokionez, kategoria hauek bereizi dira adinaren arabera:

-          Umeak (3-6 urte). 100 metroko ibilbidea eta 12:40an hasiko da.

-          Txikiak (7-10 urte). 800 metroko ibilbidea eta 12:10ean hasiko da.

-          Gazteak (11-14 urte). 1.500 metroko ibilbidea eta 12:00etan hasiko da.

-          Nagusiak (14 urtetik gorakoak). 7,2 kilometroko ibilbidea eta 11: 00etan hasiko da.


Aipatzekoa da gainera, 11-14 urte bitarteko gazteak lasterketa nagusian parte hartu dezaketela, beti ere pertsona nagusi baten ardurapean daudelarik (berarekin korrika) edo gurasoen baimena dutelarik.

Parte hartu nahi dutenek, aldez aurretik izena eman beharko dute Areneko kiroldegian eta leku librerik egonez gero, lehiaketaren egunean ere egongo da izena emateko aukera, 10:30ean. Prezioari dagokionez, euro batekoa izango da hiru kategoria gazteenentzat eta bi eurokoa helduentzat. Oro har, izen-ematea egiterakoan dortsala banatuko da, baina gazteek ikastetxeetan bertan jasoko dute, eta adinekoek, Areneko kiroldegian.

Antolatzaileek azaldu dutenez, lasterkariek hornidura izango dute lasterketan zehar, eta amaieran hainbat opari jasoko dituzte, Bermeoprint eta BM Supermerkatuen eskutik. Halaber, eta euren erosotasunerako, hainbat dutxa jarriko dira kiroldegian bertan, baita Artza pilotalekuan ere.

Azkenik, Aritz Abaroak, Ana Uriartek eta Luis Gondrak eskerrak eman nahi izan dizkiete ekitaldiaren antolakuntzan parte hartu duten kolektibo, tokiko erakunde eta kolaboratzaile guztiei.

Informazio gehiago Bermeoko Areneko   kiroldegiko sarrera bulegoan edota www.bermeo.eus web orrialdean.

16 / 01 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0