Albisteak

Albistea

Tokiko Kontsumoa eta Herriko Merkataritza sustatzea helburu duen “BERMEOKO BONOA” kanpainak “OSO EMAITZA ONAK” lortu ditu

Ekimen honetan, guztira, 94 dendak parte hartu dute eta 132.047,32 euro mugitu dira maiatzaren 2tik ekainaren 1era bitartean

Bermeon, 2019ko abuztuaren 26an. ‘Bermeoko bonoa’ kanpainaren bigarren edizioaren balorazio “oso positiboa” egin du Bermeoko Udalak; izan ere, aurreikusitako helburuak bete ditu ekimenak, hau da, tokiko kontsumoa bultzatzea eta herriko merkataritza sustatzea. Guztira, Bermeoko 94 dendak parte hartu dute eta 132.047,32 euroko erosketak egin dira Bermeoko saltoki parte-hartzaileetan maiatzaren 2tik ekainaren 1era bitartean. 2018an bezala, aurten ere ‘Berton’-en lankidetzarekin batera egin da ekimen hau. 

‘Bermeoko Bonoa’ kanpainaren bigarren edizioa izan da aurtengoa eta emaitzak oso onak izan dira; izan ere, Bermeoko Udalaren helburuetako bat da “tokiko kontsumoaren alde egitea, horrek gure herriko merkataritza sustatzen duelako eta herriko merkataritzak bizia, garapena, enplegua eta bestelako onurak ematen dizkiolako gure herriari”.

2018ko datuekin alderatuta, aurtengo kanpainan mugitu den diru kopurua askoz handiagoa izan da. 2018ko kanpainan 2.500 bono egin ziren, eta bono horiekin mugitu zen diru kopurua 60.922,42 eurokoa izan zen. Aurten 3.500 bono eskuragarri jarri dira baina espero zena baino 46.047,22 euro gehiago mugitu dira Bermeoko saltokietan. Guztira, 132.047,32 euro izan dira mugitu direnak kanpainak iraun duen bitartean.

Kanpaina honetan herriko 94 dendak parte hartu dute (ileapaindegiak, arropa dendak, farmaziak, zapata dendak, estetika zentroak, harategiak, fruta dendak…). Bonoaren prezioa 10 eurokoa izan da, baina gastu ahalmena 15 eurokoa. 2018ko kanpainan bonoak metagarriak izan ziren elkarren artean; hau da, 60 euroko erosketa bat lau bonorekin ordaindu ahal izan zuten erabiltzaileek. 2019ko kanpainan, ordea, erosketa bakoitzeko, gehienez, bi bono erabili ahal izan dira. Erabakia hartu zen herritarrek bonoak saltoki gehiagotan erabiltzeko. 2019ko maiatzaren 2tik ekainaren 1era arte erabili ahal izan dituzte bonoak erosleek.

Bonoekin erosketa gehien egin diren sektoreak izan dira: modarena, elektronikoa eta dekorazioa. ‘Bermeoko bonoa’ kanpainaren kostua Bermeoko Udalarentzat 13.651,24 eurokoa (BEZ barne) izan da, 12.500 euro bonoen diru-laguntzarako eta gainerakoa kudeaketa zerbitzu, material, banaketa… gastuetarako.

27 / 08 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0