Albistea
Urriaren 22an eta 23an izango den XIII. Bermistorian-en barne hainbat izango dira Bermeoko Alde Zaharrak hartuko dituen ekimenak, besteak beste, antzinako azoka, kale animazioa, hankaluzeen kalejira eta suzko zezena.
Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Susana Regidorrek, Kulturako teknikariak, erdi aroan giroturik dagoen Bermistorian-en berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan. Astuiren esanetan, Bermistorian-en “herritarrak eta kanpotik datozen pertsonek Bermeon antzinako garaietara eramango gaitun giro alaian murgilduko dira”.
Bermistorian-en protagonista garrantzitsu bat, urtero moduan, zapatuan eta domekan, urriaren 22ean eta 23an, hain zuzen ere, Alde Zaharrean egingo den antzinako azoka izango dela adierazi du. Azokan, produktu ezberdinen erdi aroko 50 saltoki inguru egongo dira. Horietan, besteak beste, gaztak, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, narrua, loreak, zilarra, kremak, xaboia, buztin eta zeramika-lanak eta arropak ikusi eta eskuratu ahal izango dira.
Horiez gain, Astuik adierazi duenez, asteburuan arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, Izaro abesbatzaren kalejira, Lodosako piperrak erreta, zeramika tailerrak, loren tailerrak eta kale animazioak “herrian giro polita sortuko dute, Bermeo Erdi Arora eramanez”. Bestalde, umeek ere bere tokia izango dute Bermistorian. Izan ere, haurrek Alde Zaharrean oholezko jokoekin jolasteko aukera izango dute.
“Zapatuan, urriaren 22an, goizeko 10:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara, eta domekan, urriaren 23an, 10:00etatik 15:00etara disfrutatu ahal izango dugu antzinako azokarekin eta bere baitan antolatzen diren ekimenekin”, azaldu du Astuik.
Hankaluzeen kalejira eta suzko zezena
Gainera zapatuan, urriaren 22an, arratsaldeko 20:00etatik gaueko 23:00etara, Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta, hankaluzeen kalejirarekin gozatzeko aukera izango dugu Alde Zaharreko kaleetatik zehar. Gaueko 21:15ean suzko zezena egongo da Irakaskintza kalean.
Astuik eta Regidorrek herritar guztiak eta kanpotik datozen pertsona guztiak Bermistorian-en barne egingo diren ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu dituzte, “mota askotako jarduerekin disfrutatzeko aukera hobezina izango dute eta”. Horrez gain, erdi aroko jantziekin mozorrotzera animatu dituzte.
Antzinako azoka dela eta, urriaren 22ean eta 23an Alde Zaharrean ibilgailuekin ez ibiltzea eskatu dute. Bestalde, Bermistorian antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkie. “Euren laguntza ezinbestekoa da Bermistorian antolatu ahal izateko”, nabarmendu dute.
010 (94 617 91 00)