Albisteak

Albistea

XX. mendeko Bermeoko ondare arkitektoniko garrantzitsua ezagutarazteko bideoa egin du Udalak

 

 

XX. mendeko Bermeoko ondare arkitektoniko garrantzitsua ezagutarazteko bideoa egin du Bermeoko Udalak; izan ere, gure herrian arkitekto ospetsuak izan ditugu joan den mendean eta horiek utzi diguten ondarea benetan interesgarria da arkitektura zaleentzat eta guztiontzat orokorrean. 

Horrela, Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, eta Bego Gangoitik, Turismo teknikariak, bideo hori aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Bertan,  adierazi dutenez, bideo horrekin herritarrek zein turistek Bermeok duen ondare arkitektoniko garrantzitsuaz jabetu ahal izango dira eta “harritu egingo dira Bermeok dituen altxorrekin”. 

Astuik azaldu duenez, bitxia da, baina sasoi berdinean goi mailako hiru arkitekto bermeotarrak izan ditu: Pedro Ispizua, Fernando Arzadun eta Teodoro Anasagasti.  Ispizuak Batzokia, Garategi txaleta, Sagrado Corazón kapera eta Ormaza fabrika egin zituen; Arzadunek Kikunbera etxea eta Kofradi Zaharra eta Teodoro Anasagastik, Portuko Goizeko Izarra eraikina, Erremedio kaleko 24-26 etxebizitzak eta Lanbide Hastapeneko eraikina. 

Horrez gain, XX. Mende hasieran beste hainbat arkitektoen lanak dauzkagu herrian: Severino Achucarro (ospitale psikiatrikoa), Anastasio Arguinzoniz (udal hilerria), Teodoro de Videchea (Villa Eustasia), Diego de Basterra (Talaiariaren etxea), Ricardo de Bastida (Casa del Niño), eta Emilio Apraiz (hainbat etxebizitza). 

Bideoan arkitektura ikasle atzerritar baten esperientzia ikus dezakegu. Gure herrira dator eta benetan harritu egiten da eta gozatu egiten du Bermeon aurkitzen duen ondare arkitektoniko garrantzitsuarekin. “Horrela, kanpotik datorren pertsona batek gure herria zelan ikusten duen islatu nahi izan dugu”, azaldu du Astuik. 

Bideoan lehen aipatutako Bermeoko herriko eraikin ezberdinak ikus ditzakegu: Casa del Niño, Kanposatuko hilobiak, Kofradi Zaharra, Batzokia, Ormaza fabrika, Kikunbera eraikina, Kasinoa, Matxitxakoko eskolak,  Portuko eskilarak, hainbat etxebizitza… eta baita ere Bermeoko paisaia zoragarriak: Tala, Portua, Lamera, Matxitxako ingurua… 

“Uste dugu bideoa oso erakargarria izango dela bai bermeotarrontzat bai Bermeotik kanpoko pertsonentzat”, adierazi du. Bideoa www.bermeobizi.eus Bermeoko Udalaren turismo webgunean dago pertsona guztiek ikusi ahal izateko. Bideoa ikusteko linkak: https://bit.ly/2zYNwnw (euskeraz) eta https://bit.ly/2LxS9cP (gazteleraz eta ingelesez).

 

 

 

25 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0