Albistea
-Saihesbideko sarrera-irteera berriak eta guneak hartuko duen trafikoaren lanetarako, guztira, 276.612,23 euro bideratu dira.
-Besteak beste, 12 plazako aparkaleku birakaria gauzatu da, bidegurutzea eta Erreñe zubi kale zati bat asfaltatu, ura bideratzeko kainu-zuloak egin eta espaloi, semaforo-sare eta seinale berriak jarri dira.
Bermeon, 2021ko apirilaren 8an.- Bermeoko Udalak datorren apirilaren 19an zabalduko du saihesbiderako Tellaetxe tar Josu kaleko lotura. Horretarako, lan garrantzitsuak burutu dira azken hilabeteetan. Izan ere, aipatu lanen ardatza, herriko sei kaleen (Tellaetxe tar Josu, Erreinezubi, Askatasun Bidea, Artike Bidea, Almika Bidea eta Ander Deuna kalea) eta saihesbidearen arteko zirkulazioa antolatzea eta bidegurutzean egin beharreko lanak izan dira. Horretarako, Udalak, 276.612,23 euro bideratu ditu. Lotura honen helburua, besteak beste, herriko hainbat gunetako trafiko dentsitatea txikitzea izan da, herritarren segurtasuna handitzea eta ondorioz, bermeotarren bizi-kalitatea hobetzea.
Esan bezala, herriko sei kaleen bidegurutzean hobekuntzak gauzatu dira (Erreñe zubi kale zati bat asfaltatu, ura bideratzeko kainu-zuloak egin, espaloietan hobekuntzak burutu eta seinale berriak jarri) eta ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorriak antolatzen laguntzeko semaforoak jarri baita ere.
Semaforo-sare berria jartzeaz gain, trafikoa ere berrantolatu da, herriko kale batzuetako trafiko norabideak aldatuz. Halaber, Erreñe zubi eta Askatasun bidea kaleetako norabide aldaketa burutu da eta Ondarraburu kaleko aldapa itxi da ibilgailuentzat. Horrez gain, 12 plazako doako aparkaleku birakaria, edukiontzi eta zerbitzu gune eta seinale bertikal berriak instalatu dira, lurrean ere seinaleak margotzeaz gain.
Laburbilduz, Bermeoko saihesbidea eta herrigunea modu egoki batean lotzeko, Tellaetxe tar Josu kalea luzatu da azken hilabete hauetan. Lan horiei esker, herriko zeharkaleetatik ibili gabe, herritarrek, Bermeora sartzeko eta irtetzeko aukera izango dute eta era berean, herriko erdiguneko trafikoa arinduko da.
Honenbestez, Bermeoko Udal Gobernuak, bere helburu estrategikoetako batean aurrerapauso garrantzitsu bat ematea lortu du. Izan ere, lan hauei esker, herriko irisgarritasuna nabarmen hobetuko da, herritarren bizi kalitatea hobetuz.
010 (94 617 91 00)