Albistea
Bermeoko Udalak txakurrak eta orokorrean animalia guztiak kontrolpean izateko eta herria garbi mantentzeko kanpaina bat martxan jarri zuen maiatzean. Horrela, maiatzaren 14tik ekainaren 1era 159 txakur ikuskatu ditu, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko. Horietatik eta arrazoi ezberdinengatik 16 espediente administratibo ireki dira. Horrez gain, txakurren kakak agertzen diren tokiak ere identifikatzen ari dira udal langileak, horietan kontrol zehatzagoak egiteko helburuarekin.
Kanpaina honen barne animalien inguruko ordenantza gaurkotu da, Udaltzaingoa jarraipen zehatzak egiten ari da eta eskuorri informatiboak banatu dira, besteak beste, txakur bat izatearen ardurak eta horrek ez betetzearen ondorioak gogoratzeko.
“Oso garrantzitsua animaliek baldintza guztiak betetzea herritarren segurtasuna bermatzeko eta herria txukun mantendu ahal izateko. Horregatik jarraipen zehatzak egiten ari da Udaltzaingoa; hiru astetan inguru Alde Zaharrean egin ditu jarraipen zehatzak eta orain Talan hasiko da”, adierazi du Bermeoko Udalak. “Dena den, horrek ez du esan nahi gune horietan soilik egingo dituztela jarraipenak, beste guztietan ere egingo baituzte”, gaineratu du.
010 (94 617 91 00)