Albisteak

Albistea

Aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaien kartela aukeratzeko lehiaketa zabalduta

Bermeoko Jai  batzordeak “Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak 2015” iragartzen duen kartela aukeratzeko lehiaketarako deialdia zabalduta dago. Lanak aurkezteko epea ekainaren 18an bukatuko da eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Bermeoko jaietako egitaraua eta kartela iragartzeko erabiliko dena. 

“Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak 2015” iragartzen duen kartela aukeratzeko lehiaketarako oinarriei dagokienez, lanak derrigorrez 52x70 cm-koak izan behar dira eta gura den beste kolore eta edozein teknika erabili daitezke. Testu hau izan beharko dute: BERMEOKO JAIAK 2015.  Irailaren 7tik 16ra. Lana euskarri gogor bati lotuta aurkeztu behar da. Kartel irabazlea ordenagailuz egin ezkero, irabazleak kartela euskarri informatikoan (CD) aurkeztu beharko du ere bai, inprimatuko den tamainan (52x70 cm), gutxienez 300 ppko bereizmenarekin.

Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztuko dira, izenburuarekin eta egilearen sinadura barik. Izenburu bera daraman gutun-azal itxi batean, egilearen datuak adieraziko dira. Epea ekainaren 18an arratsaldeko 20:00etan bukatuko da. Bermeoko Udalak jai kartelean aldaketak egitea eskatu dezake.  

Epaimahaiaren erabakia jakin arte, ezin izango da ezagutzera eman aurkeztutako kartelik ezta egilearen nortasunik ez publikoki ez sare sozialetan. Arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten duten kartelak kanporatuak izango dira.  

Erakusketa eta saria 

Nestor Basterretxea aretoan erakusketa egingo da aurkeztutako lanekin ekainaren 19tik 28ra. Epaimahaia jai batzordeko eta herriko artearen munduko kideez osaturik egongo da eta horrek, aurkeztutako kartelen artean, finalistak aukeratuko ditu. 

Finalista horiek zeintzuk diren nabarmenduko dira Nestor Basterretxea aretoan egingo den erakusketan. Ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko zaie bi modutan: alde batetik, aretoan jarriko den kutxa batean botoa emanez eta, beste alde batetik, facebook-en (https://www.facebook.com/BermeokoUdala) bidez. Irabazlea, finalisten artean aukeratuko da. 

Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal du eta irabazlea boto gehien jasotzen duen kartela izango da. Hala ere, herritarren bozketan enpaterik edo arazorik balego, irabazlearen aukeraketa epaimahaiaren eskuetan geldituko da. Udalak kartel irabazlearen jabetzea ez eze, jendaurreko komunikaziorako, kopietako eta banatzeko eskubideak be, eskuratuko ditu. Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa.  

Lehiaketa saririk gabe barik ere utzi daiteke, aurkeztutako kartelek Bermeoko oinarrietan agertzen diren baldintzak ez badituzte betetzen epaimahaiaren arabera. “Hori gertatu ezkero Jai Batzordeak erabakiko du zelan egingo den jaietako kartelaren iragarlea”, gaineratu dute. 

Sarituak ez diren lanak hartzeko epea abuztuaren 1etik irailaren 30era artekoa izango da. Epe hori igaro eta gero jaso ez direnak Udalarentzat izango dira eta lehiaketan parte hartzeak baldintza guztiak onartzen direla esan nahi du. 

Argibide gehiago nahi duten pertsonek, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean (Irakaskintza 14 -16. Tel.: 946179157; kultura@bermeo.org) edo Berh@z-en (Tel.: 946179100) jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, oinarriak www.bermeo.eus web gunean ikus daitezke. Bermeoko Udalak lehiaketa honetan parte hartzera animatu dute jendea Bermeoko jaiek kartelik onena izateko.

 

 

 

09 / 06 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0