Albistea
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak antolatutako Ur-sorospen eta Kanpoko Desfibrilagailu Automatikoaren (KDA-DESA) birziklapen ikastaroa bihar izango da Bermeoko Areneko kiroldegian, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara.
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak eta Udalaren Kirol Patronatuak antolatu dute lehen aldiz mota honetako ikastaro bat. Horren iraupena 10 ordukoa izango da.
Ikastaroaren helburua sorosleen gaitasun fisikoak, teknikoak eta mentalak ebaluatzea izango da, aurreko ikastaroetan lortutako konpetentziak eguneratuz, sorosle lanetan modu seguruan jarraitu ahal izateko. Ikastaroa erabat praktikoa izango da eta ikasleek sorosle moduan lan egiteko erabiltzen dituzten lan-konpetentziak eta ezagutzak erakutsi beharko dituzte.
Lehen laguntzen edo sorospeneko edukiak, ospitale aurreko larrialdietan esperientzia daukan mediku edo erizain batek emango ditu. Ur-sorospeneko edukiak, aldiz, Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioko irakasle bezala homologatutako sorosle baten esku egongo dira.
Ikastaroaren matrikula 100 eurokoa da. Dena dela, ikasleak aurretik daukan titulua RFESS-arena (Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioa) bada, erdia bakarrik ordaindu beharko du, 50 euro, alegia. Izen-ematea Bermeoko GIZen (Gizarte eta Kultura Etxea) egin behar da.
Ikastaroa amaitzerakoan, Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioaren agiria lortuko dute ikasleek, desfibrilagailuaren erabilera barne.
010 (94 617 91 00)