Albistea
Bermeon, 2023ko ekainaren 27an.- Bermeoko Jazzber Jaialdiak XXV. edizioa beteko du aurten, eta Busturialdean egiten den jazz jaialdi bakarra ospatzeko indarberrituta eta eskaintza benetan interesgarriarekin itzuliko da. Hala adierazi dute Susana Regidor kulturako teknikariak eta Joseba Verdes (Jizz Jazz taldea) ekitaldiaren antolatzaileetako batek Udalean gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan.
Azaldu dutenaren arabera, Oddara Trio, Giulio Ottanelli Quartet eta Lian Harmon Trio izango dira jazz musika eta bere zaletasuna bultzatzea helburu duen jazzaldi ospetsu honetako protagonista nagusiak. Hala, ekainaren 28tik 30era bitartean (20:30ean) jazzaren zaleek ezinbesteko hitzordua izango dute Kafe Antzokian. Aipatzekoa da, gainera, sarrera doakoa izango dela edukiera bete arte.
“Jazzber Jaialdia erreferentzia bat da gure eskualdean, eta ohikoa den bezala, maila handiko taldeak etorriko dira berriro ere, musika mota honen zale guztiek aski ezagunak dituztenak. Uda jazzaz gozatzeko aukera paregabea da eta bermeotarrak gonbidatu nahi ditugu ekitaldi handi honetaz gozatzera”, adierazi du Susana Regidorek.
Kontzertuak
Kontzertuak ekainaren 28an hasiko dira, 20:30ean, Borja Barrueta del Río protagonista duen Oddara Trio taldearekin. Borja Barrueta del Río (Getxo 1975) nazioko eta nazioarteko musikari garrantzitsuenetako bat da. Bere proiektu ugarien artean, "Oddara" Ariel Bringuez saxofoi-jotzaile eta Gaston Joya kontrabaxu-jotzaile kubatarrekin batera dator, musikari ospetsuak eta nazioartean kolaborazio ugari dituztenak
Hurrengo egunean, ekainak 29, 20:30ean Giulio Ottanelli Quartet taldeak jardungo du.
Giulio Ottanelli saxofoi jotzaile, konpositore eta moldatzaile gaztea da, nazioarteko sari asko irabazita datorkigu. Laukotea, Parisko Kontserbatorio Nazionalean sortu zen. Musika erritmiko eta kementsua proposatzen du, melodia finekin
Azkenik, ekainaren 30ean (20:30) Lian Harmon hirukotearekin gozatzeko aukera izango dugu. Lianen konposizioen mundu pertsonalaren, jazz garaikidearen, standard-en eta abesti herrikoien moldaketen arteko zubia arakatzen du, hizkera herrikoiari eta pertsonalari lotura emanez.
010 (94 617 91 00)