Albistea
Bermeoko Udalak atzo herritarrei aurkeztu zien Alde Zaharraren plan bereziaren berrikuspenaren aurrerakina, eta, orain, apirilaren 8ra arte, herritarrek proposamenak, iradokizunak, galderak edota zalantzak argitzeko aukera izango dute Berhazen, Kultur Etxean eta Berualako bulegoetan hurrengo astean eskuragarri egongo diren inprimakien bitartez edo planberezia@bermeo.eus helbide elektronikoaren bidez. Mezu guztiek erantzuna jasoko dute.
Herritar guztiek Alde Zaharraren plan bereziaren aurrerakina kontsultatzeko aukera izango dute Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus/plan_berezia.html). Bertan informazio guztia ikusi ahal izango da: memoria, planoak, kultura ondareko elementuak, babespen mailak, plan bereziaren mugaketa…
Herritarrek fase honetan era guztietako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, irekia izango baita (aparkalekuak, zabor bilketa, estolderia, baldintza estetikoak, etxebizitza hutsak, terrazak…).
Santi Muruak, Berualako zuzendariak, azaldu duenez, plan berezia aurreikustearekin batera ezinbestekoa Alde Zaharrean daude eraikin eta biztanleriari buruzko informazioa izatea eta horretarako azterlan soziourbanistikoa burutuko dutela jakinarazi du.
Azterketa hori egiteko talde bat sortuko da eta hori Alde Zaharretik murgilduko da; batetik, dauden eraikinak ikuskatzeko eta, bestetik, Alde Zaharreko biztanleriaren ezaugarriak ezagutzeko (adina, jatorria…).
Bi helburu horietarako, herritarrei inkestak egingo dizkiete, batzuk telefonoz egingo dira eta beste batzuk etxeetan bertan, eraikinaren ezaugarriak ezagutzeko helburuarekin. Inkestak anonimoak izango dira eta galdetegiak Bermeoko udalaren webgunean ikus daitezke.
Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, gogoratu duenez, Bermeoko Udala Alde Zaharreko plan berezia berrikusten ari da eta hainbat dira lan honen helburuak: egungo legediari eta hainbat araudiri egokitzea, gune horretako ondare arkitektoniko eta kulturala babestea, eta, bereziki, Alde Zaharra biziberritzea, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetuz eta Alde Zaharra herritar guztientzat gune erakargarri bihurtuz.
Bidegurenek azpimarratu duenez, Plan bereziaren berrikuspena Alde Zaharra biziberritzeko 2014. Urtean hasitako plangintzaren barne kokatzen da.
Plangintza horren barne hainbat dira Bermeoko Udalak gure Alde Zaharra biziberritzeko martxan jarritako ekimenak: Bekoportale prozesua, Tala eta Talakoetxeako arte lanak, lokal hutsen azterketa, EHUrekin orubeak berreskuratzeko ideia lehiaketa, gazteei Alde Zaharrean alokatzeko diru-laguntzak, panelen bidezko ibilbide turistikoa, ibilbide osasuntsuak, Udaletxearen berreraikitzea, eta beste hainbat ekimen Alde Zaharrera jendea erakartzeko: lora azoka eta loreen lehiaketa fatxata eta balkoietan, argazki lehiaketa, paella erraldoia, food truck…
“Alde Zaharra biziberritzea gure lehentasuna da eta horretan buru belarri gabiltza lanean herritarrekin batera; izan ere, 2015ean herritar lan talde bat eratu zen, Alde Zaharra biziberritzeko konpromisoa lantzen ari dena”, azpimarratu du Bidegurenek.
010 (94 617 91 00)