Albisteak

Albistea

Tomasz Wendt Trio, Wilfried Wilde Quintet eta Night Dreamers Bermeoko XIX Jazzaldian ekainaren 29tik uztailaren 1era

 

Bermeoko XIX. Jazzaldiak ekainaren 29tik uztailaren 1era hiru kontzertu eskainiko ditu. Aurten Jazzber jaialdi honetan Poloniako Tomasz Wendt hirukoteak, Wilfriek Wilde boskoteak eta Night Dreamers boskote euskaldunak parte hartuko dute. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira 20:30ean eta sarrera doan izango da. 

Aingeru Astuik, Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak, eta Igor Markaidak Jizz-jazz taldearen kideak aurkeztu dute Jazzber 2016ren nondik norakoak gaur egindako prentsaurrekoan. Horrela, eskualdean egiten den jazzaldi bakarraren egitarauaren berri eman dute. 

Jazz jaialdia ekainaren 29an, asteazkenean, hasiko da 20:30ean Kafe Antzokian Tomasz Wendt saxo-joleak gidatzen duen hirukoteak eskainiko duen kontzertuarekin. Talde honek hainbat sari lortu ditu Europako lehiaketa ospetsuetan eta emozioz beteriko musika sortzea lortzen dute inprobisatzen dutenean. 

Poloniako hirukoteak berak sorturiko piezak, jazz standar, blues eta rock ezagunen konponketak, eskeintzen ditu bide adierazle berriak etengabe bilatuz. 

Ekainaren 30ean, ostegunean, Wilfriek Wilde boskotearen txanda izango da Kafe Antzokian 20:30ean. Taldearen errepertorioa, Wilfried Wilde, gitarria-jole eta konpositoreak egindako doinu orijinalek osatzen dute. 

Bere ideia musikalak eragin hauek dituzte: gaur eguneko jazza (Brad Mehldau, Kurt Rosenwinkel bezalako muskarien antzera), musika klasikoa (Debussy, Ravel) edo filmetako soinu bandak. Horren emaitza kolorez betetako musika da, jazz inprobisazioa eta kamara musikaren gauzatze zorrotza nahasten dituena, hain zuzen ere. 

Night Dreamers boskote euskaldunak eskainiko du jazzaldi honen azken kontzertua uztailaren 1ean, ostiralean, Kafe Antzokian 20:30ean. Taldearen errepertorioak abangoardia eta tradizioa uztartzen ditu baina taldeak berak sortutako moldaketa eta konposizioek artikulatzen dute pertsonalitatez beteriko ikuskizuna. 

Musikenen sorturiko boskote honen partaideek oso ibilbide luzea dute gaur eguneko musika eszenan, eta hori gutxi bada, espainiar musikari ospetsuekin lan eginak dira denak. 

Aingeru Astuik gogoratu duenez, Jazzber eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra da eta bere helburuak dira, besteak beste, Busturialdean jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatu, jazz mundua herrira hurbildu eta jazz musikaren joera berrienak ezagutu. 

Horrela, bere esanetan, jaialdi honek, Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuei eta musika zaleei orokorrean, kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera ematen die. Hori dela eta, Astuik eta Markaidak pertsona guztiak XIX. Jazzber honetan parte hartzera eta kontzertuekin disfrutatzera gonbidatu nahi izan ditu.

 

Jazzber jaialdia Bermeoko Udalak,  Jizz-Jazz Kultur Taldearekin batera antolatzen du. Laguntzaileak Bizkaiko Foru Aldundia, Bermeoko Kafe Antzokia, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratia dira.

 

 

17 / 06 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0