Albisteak

Albistea

Umeak `Zeurie be bada´ garbiketa kanpainaren hurrengo hartzaileak

·         Herriko ikastetxeetako ikasleen artean hondakinak murrizteko pentsatuta dago ekimena. Horretarako, Bermeoko Udalak material berrerabilgarriz egindako bokatak eramateko 1.000 poltsa banatuko ditu, zilarrezko paperaren erabilera murrizteko

·         “Hondakinik onena sortzen ez dena da; beraz, garrantzitsua da behar baino gehiago ez sortzea. Bermeok hondakin gutxi sortzen dituen herria izan behar du, eta guztiok gure esku dagoena egiten badugu, lor dezakegu” baieztatu du Aritz Abaroa alkateak

Bermeon, 2023ko otsailaren 14an.- `Zeurie be bada´ garbiketa-kanpainaren 3. fasea abian jarri eta bi astera, Bermeoko Udalak hurrengo fase bat jarri du martxan. Oraingo honetan, ekintza herriko txikienei zuzenduta egongo da, birziklatzearen garrantziaz kontzientziatu eta sentsibilizatzeko eta gizalegezko jarrera eta jarrera egokiak izan dezaten.

Zehazki, kanpaina herriko ikastetxeetako ikasleen artean hondakinak murrizteko pentsatuta dago. Horretarako, Bermeoko Udalak material berrerabilgarriz egindako bokatak eramateko 1.000 poltsa banatuko ditu, zilarrezko paperaren erabilera murrizteko xedez. Izan ere, zilarrezko papera oso kutsagarria da, eta osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen lurrun ugari isurtzen ditu atmosferara.

“Jakin badakigu, oro har, ikasleek ikastolara edo eskolara euren hamaiketakoa zilarrezko paperean bilduta eramaten dutela, eta Udaletik joera horrekin bukatu nahi dugu. Benetan kutsagarria den materiala da, eta ahalik eta gutxien erabili behar dugu. Beraz, uste dugu ideia ona litzatekeela bokatak eramateko poltsa berrerabilgarri bat edukitzea, eta horregatik, hain zuzen ere, Udalak 1.000 haur ingururi egunero erabili ahal izango duten bokatak eramateko poltsa bat oparituko die. Argi utzi nahi dugu ez dugula nahi opari hau ahanzturan gera dadin, bokata eramateko kaxa honekin birziklatzeko ohitura bat sortzea da gure helburuetako bat” azaldu du Aritz Abaroa alkateak.

Zentzu horretan, Udalak, administrazio gisa herritarrak birziklatzearen garrantziaz kontzientziatu eta sentsibilizatu behar ditu, horretarako, ezinbestekoa da udalerria garbi eta ondo egokituta mantentzea helburu duten horrelako ekimenen partedun egitea. Abaroak gogorarazi du “hondakinik onena sortzen ez dena da, eta, beraz, garrantzitsua da behar baino gehiago ez sortzea. Bermeok hondakin gutxi sortzen dituen herria izan behar du, eta guztiok gure esku dagoena egiten badugu, lor dezakegu. Bermeo guztiona da, eta guk zaintzen ez badugu, nork egingo du?”.

Zentzu horretan aipatu behar da `Zeurie be bada´ kanpainak legealdian zehar Udalak abiarazitako hainbat inkestetan duela sorbide; zeinetan herritarrek udalerriaren garbitasuna zela beren kezka nagusietako bat adierazten zuten. Udaletik gogorarazten dute orain arte ahalegin handiak egin direla egoera hau hobetzeko, baina halere, atsedenik gabe lanean jarraituko dutela herritarren nahiak betetzeko eta Bermeo garbi eta ordenatua izateko.

14 / 02 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0