Albisteak

Albistea

Bermeoko Nautika eskolarekin lankidetzan ariko da Bermeoaldeko Behargintza, EnpleGU programaren barruan

Ikasketa maila baxua eta lan beharrak dituzten pertsonei enplegu aukerak sortzeko EnpleGU programan parte hartuko du Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzak. Programa hau Garapen Agentzien Euskal Elkarteak eta Euskal Herriko sei garapen-agentziak elkarlanean egindako proiektua da.

Langabezian daudenei, prestakuntza gutxi daukatenei eta lan-munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako programa da EnpleGU. “Funtsezko trebetasunak eta gaitasun profesionalak garatzen eta gizartean bete-betean parte hartzeko eta lana aurkitzeko behar den konfiantza hartzen lagunduko du EnpleGUk. Hazkunde pertsonal eta profesionalak laguntzera bideratuta dago, oztopoak gainditzeko, gizarte eta lan-aukerak hobetzeko beharrezkoak diren tresnak eskainita”, azaldu dute Behargintzatik.

Batzuetan, lan-merkatuan sartzea ez da erraza izaten, prestakuntza eta esperientzia faltagatik, diskriminazioagatik, oztopo soziekonomikoengaitik, eta, batez ere, aukera faltagatik. Horren aurrean, EnpleGUk bakoitzaren beharretara egokitutako laguntza eta prestakuntza eskainiko du, modulu praktikoen eta tailerren bidez. Gainera, lan-aukerekin konektatzen lagunduko du.

Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzak Prestatu izeneko ibilbidea eskainiko du, hau da, aldez aurretik hurbilketako prestakuntzak egin dituztenei edo lan-merkatuan sartzeko gaitasuna dutenei zuzendutakoa. Bide hori Bermeoko Nautika eskolarekin lankidetzan egingo du, homologatuta dagoen prestakuntza eskainita. Helburua da itsasoratzeko beharrezkoak dituzten ikastaroak eskaintzea: Itsasontziko segurtasuna eta lehen sorospenak (70 ordu); arrantza-ontziko estalki-lanak (30 ordu) eta arrantza-aparailuak muntatzea (190h).

Martxotik ekainera bitartean eskainiko dira formakuntza eta orientazio saioak. Izan ere, ibilbide honek aukera ematen du prestakuntza teknikoak egiteko, lan-merkatuan sartzeko edo prestakuntza aurreratuago batekin jarraitzeko.


EnpleGU programan parte hartu gura dutenek, Behargintzan eman beharko dute izena (Zubiaur tar Kepa Kalea 26-28 - 94 617 91 90).

14 / 02 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0