Albisteak

Albistea

“Erdu Geugaz” programa martxan jarriko da, gura ez den bakardadeari aurre egiteko

  • Gizarte Ongizate Sailak bakardade ez hautatuan edo isolamendu egoeran dauden 25 pertsona dauzka identifikatuta.

  • Programak 12 saio izango ditu. Astean behin batuko dira, eguaztenetan, 12:30etik 13:30era, Gizarte eta Kultura Etxean.

Bakardadea azken urteetan gizartearen aldetik arreta handiagoa jasotzen ari den errealitate bat da. “Geroz eta gehiago bizi gara. Bizi itxaropena areagotzeak aukerak ematen ditu, baina arazo ezberdinak agertzea ere esan nahi du, esaterako, bakardade sentimenduaren arazoa. Gura ez den bakardadea osasun publikoko arazo bilakatu da eta XXI. Mendeko epidemia izaten hasi da”, adierazi du Gizarte Ongizateko zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak. Horregatik, Bermeoko Udalak, Gizarte Ongizate Sailaren bitartez, gura ez den bakardade horri aurre egiteko, Erdu Geugaz izeneko programa martxan jarriko du. Programa datorren astean abiaraziko da.

Gizarte Ongizate Saileko zuzendari Ramon Alberdi Asteinzak gogorarazi du 2004. urtean abiarazi zutela Nagusiak Bizitasunez Bizitzen deritzon programa, adineko pertsonei eta euren zaintzaileei programa psikosozialak eskaintzeko asmoz: Burua eta gorputza martxan; dementzia daukaten pertsonentzat galera prozesua geldotzeko, psikoestimulazio tailerrak; eta, familietako zaintzaileen bizi kalitatea hobetzeko laguntza psikologikoa.

Alberdik aipatu du, orain, pauso bat gehiago eman gura izan dela, eta horretarako martxan jarriko da Erdu Geugaz programa, gura ez den bakardadeari aurre egiteko. “Programa honen helburua da adinekoen bakardade ez hautatua edo isolamendu egoerak murriztea, eta inguruarekin harremanak izaten laguntzea”, esan du. Azken datuen arabera, Euskadin, 65 urtetik gorako pertsonen %26,6a bakarrik sentitzen da: “Bakarrik sentitzen diren pertsonek uste dute dituzten harremanak ez direla nahikoak edo ez direla gura luketen bezain gertukoak. Honek eragin negatiboa du, sufrimendua eta gaixotasuna eragin ditzakeelako. OMEren arabera, osasun fisiko nahiz mentalaren narriadurarako arrazoi nagusia da eta adinekoek autonomia izaten jarraitzea zailtzen du. Hori dela eta, gura ez den bakardadeari aurre egiteko programa martxan jartzea erabaki dugu”.

Gizarte Ongizate Saileko zuzendariak azaldu du, elkargune bat sortuko dutela: “Bakarrik sentitzen diren adinekoak harremanetan jarriko dira, gaitasun pertsonalak landuko dituzte eta herriko baliabideei eta horiek eskuratzeko moduari buruzko informazioa eman eta hurreratzen lagunduko da. Horrez gain, ibilaldi osasungarriak ere antolatuko dira. Edukiak diseinatzerakoan parte-hartzaileen ekarpenak kontuan izango dira”.

Gizarte Ongizate Sailak bakardade ez hautatuan edo isolamendu egoeran dauden 25 pertsona dauzka identifikatuta. Uste dute programa hau eurentzako onuragarria izan daitekeela, eta datozen egunetan eurekin harremanetan jarriko dira; izan ere, datorren astean martxan hastekoak dira.

Programak 12 saio izango ditu. Astean behin batuko dira, eguaztenetan, 12:30etik 13:30era, Gizarte eta Kultura Etxean. Hala ere, eguna eta ordua parte hartzaileen arabera egokitzeko aukera egongo dela zehaztu dute.

“Programa honekin, komunitate inklusiboago bat eraiki gura dugu; norbanako bakoitzak konexio esanguratsuetarako leku, ahots eta espazio bat izateko. Elkarrekin, bakardadea inguratzen duen estigma atzean utzi, eta denok entzunda, ulertuta eta lagunduta sentituko garen etorkizunerantz jo dezakegu”, esan du Gizarte Ongizateko zinegotziak.

20 / 11 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0