Albisteak

Albistea

Lokalbide programaren diru-laguntza deialdi berria, martxan!

  • Programa honek besteak beste, bi helburu nagusi ditu: herriko Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza sustatzea
  • Diru-laguntza eskatu nahi duten pertsonek azaroaren 15era arte eskatu ahal izango dute

Bermeon, 2022ko apirilaren 22an.-  Lokalbide programak bere bigarren edizioa izango du aurten. Izan ere, lehen urteko arrakasta ikusita, 2022an ere jarraipena ematea erabaki da. Programa honek besteak beste, bi helburu nagusi ditu: herriko Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza sustatzea. Bada, diru-laguntza eskatu nahi duten pertsonek azaroaren 15era arte egin ahal izango dute.

Bermeoko Udalak, Lokalbide programaren bitartez, Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatu ditu, jabeei programara atxikitzeko proposamena egin die eta atxikitutako lokal hauek ekintzaileen eskura jarri ditu, euren negozioak bertan garatu ditzaten. Hau da, Udalak bitartekaritza lana egin du, jabeei euren lokalak alokatzeko laguntza eskainiz eta ekintzaileei negozioak zabaltzeko edo bertara mugitzeko aukera eta laguntza ekonomikoa emanez.

Hau guztia lortzeko eta negozioak bertara eramateko interesa pizteko, Bermeoko Udalak 36.000 euro bideratu ditu diru-laguntzetan. Laguntza hauek ekintzaileei emango zaizkie eta alokairuaren parte bat ordaintzera bideratu behar dituzte. Onuradunek, gehienez ere, 3.600 euroko diru laguntza jasoko dute (300 euro hilabete bakoitzeko).

“Oso pozik gaude programa honekin. Arrakasta handia izan du. Oso garrantzitsua da martxan jartzen diren politikek herrian eta herritarrengan zuzeneko eragina izatea. Programari esker hainbat negozio ireki dira Alde Zaharrean eta hori benetan da poztekoa”, hasi da Bermeoko alkate Aritz Abaroa.

Eta gehitu du: “Lokalbidek Udal Gobernuaren bi helburu estrategikori erantzuna ematen dio: jarduera ekonomikoa sustatzea eta Alde Zaharra dinamizatzea. Gure helburuetako bat da Alde Zaharra herriko eta inguruko ekintzaileentzako erreferentziazko gune bilakatzea. Alde Zaharrean lokal hutsak dituzten jabeak programa honetan izena ematera gonbidatu nahi ditugu. Posiblea da denbora luzez itxita egon diren lokalak berriz irekita ikustea. Gainera, aurten, iaz ez bezala, ez dute zertan metro kuadro minimo batzuk izan behar. Bestalde, ekintzaileak ere Lokalbiden izena ematera gonbidatu nahi ditugu. Iaz 5 negozio zabaldu ziren eta aurten ere espero dugu arrakasta bera izatea. Posiblea da buruan duten ideia hori gauzatzea”, adierazi du Abaroak.

22 / 04 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0