Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak, eragile ugarirekin batera, hainbat ekimen antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

-Abenduaren 3an Bermeoko Udalak aho batez onartutako adierazpena publiko egingo da eta, hurrengo egunean, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatu dira

Bermeon, 2021eko abenduaren 1ean.-  Bermeoko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Abenduaren 3an, umeentzako ikuskizuna eta bakarrizketa egingo dira eta Bermeoko Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionala publiko egingo da. Hurrengo egunean, larunbatean, udalerriko hainbat eragilerekin batera, kale-ekitaldia egingo da.

Abenduaren 3an, Kafe Antzokian, arratsaldeko 18:00etan, “Ipuin dantza” ikuskizuna izango da Oihan Vegaren eskutik eta 20:00etan, “Euskañolitis”, Oihanek berak, bakarrizketa eskainiko du. Sarrerak, 4 € eta 6 eurotan salgai daude Kultur Etxean eta giglon.com web gunean.

Abenduaren 4an, goizeko 9:30ean, mendi ibilaldia egingo da. Taraskatik irten eta Demikutik Katilotxura ibilbidea egingo da. Ezkiaga goikoa eta Tribizko errota bisitatu ostean, Bermeora buelta egingo da. Ondoren, 12:00etatik 14:00etara, Goiko Plazan, hainbat ekintza antolatu dira.

12:00etan “Plazako Leihotik” ekimen interesgarria aurkeztuko da. Iker Gonzalez Libanok eta Ainhoa Astarloa Beotegik kultur sorkuntzari plaza emateko sortu duten proiektua aurkeztuko dute. Ordu berean, MB 2.000-ren eskutik, umeentzako jolasak egingo dira. 13:00etan, Motx pailazoak ikuskizuna egingo du etxeko txikienentzat.

13:15etan gurasoen, euskara ikasleen eta berbalagunen testigantzak entzuteko aukera izango dugu. Euskararekin duten harremanaren eta esperientzien berri emango diete bertara hurbilduko direnei. Ekintza hau bukatutakoan, Berbalagun lehiaketaren sari-ematea egingo da eta, egunari amaiera borobila emateko, Iker Uriarte eta Nagore Beitia bertsolariek bertso-saioa eskainiko dute.

Bermeoko Udalak herritarrei ekintza hauetan guztietan parte hartzera gonbidatzen ditu eta, noski, euskara urteko egun guztietan erabiltzera.

02 / 12 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0