Albisteak

Albistea

Bermeko Udalak eta Hitzak euskaraz irakurtzeko ohitura eta irakurzaletasuna bultzatzeko akordioa sinatu dute

-Udalak 5.000 euro bideratu ditu eta bermeotarrek, hamaika leku publikotan izango dituzte eskuragarri Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkariaren aleak

Bermeon, 2023ko abuztuaren 31n.- Bermeoko herritarren artean egunero euskaraz irakurtzeko ohitura zabaldu eta irakurzaletasuna bultzatzeko xedez, aurten ere, Hitza sortu zenez geroztik bezala, Bermeoko Udalak eta Lea-Artibaialdeko Hedabideak S.L.k, akordioa berretsi dute. Horretarako, Udalak 5.000 euro bideratu ditu.

Gauzak horrela, bermeotarrek, hamaika leku publikotan izango dituzte eskuragarri Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkariaren aleak. 2023. urtean, eta urtebeteko epean, 5.000 euro horien trukean, Hitzak 78 harpidetza emango dizkio Udalari eta bi aldeen artean erabaki dute harpidetza horiek nora bideratu. Besteak beste, argitalpenaren aleak liburutegian, kultur-etxean, Berhazen, zaharren egoitzan, zenbait tabernatan… izango dituzte eskura herritarrek.

Iker Bilbao San Nikolas, Euskara zinegotziaren esanetan, “harpidetza sortaren gaineko akordioa aurrerapauso garrantzitsua da, izan ere, herriko zein Busturialdeko berriak euskaraz irakurtzeko aukera izatea bermatzen dugu horrela. Gure informazioa gure hizkuntzan jasotzeko ohitura zabaltzea berebizikoa da”.

31 / 08 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0