Albistea
Iraia Iturregik, Athletic-eko jokalari ohiak eta egun emakumezkoen taldeko prestatzaile fisikoak; Ainhoa Azurmendik kirol aholkulariak eta EHUko irakasleak; eta Bingen Arostegi bermeotarrak Athletic-eko gizonezkoen taldeko 2. entrenatzaileak eta emakumezkoen 2. entrenatzaile izandakoak, “Berdintasuna kirolean” hitzaldia eskainiko dute martxoaren 23an, barikuan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, arratsaldeko 19:00etan.
Hitzaldia Bermeoko Futbol taldeak eta Bermeoko Udalak elkarlanean antolatu dute eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako ekimenen barne dago.
Hitzaldian Ainhoa Azurmendik emakumeek kirol munduan aritzeko dituzten zailtasunak azalduko ditu eta hainbat aholku praktiko emango ditu kirol talde eta klubek emakumeen parte hartzea bermatzeko eta handitzeko.
Iraia Iturregi eta Bingen Arostegi emakumeak futbolean duten presentziaz arituko dira, eta, besteak beste, kirol horretan aurkitzen dituzten trabak eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak azalduko dituzte.
Gaur egun gero eta emakume gehiagok egiten dute kirola, baina horrek ez du esan nahi gizonen antzeko irisgarritasun-baldintzak, kirola egiteko eta egiten jarraitzeko motibazioa, gogobetetasuna eta pizgarriak dituztenik.
Horretaz guztiaz hitz egingo da ‘Berdintasuna kirolean’ hitzaldi interesgarrian. Hortaz, Bermeoko Futbol taldeak eta Bermeoko Udalak herritar guztiak hitzaldi honetara gonbidatu dituzte, “oso interesgarria izango delako”. Sarrera dohainik da.
010 (94 617 91 00)