Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Hitza egunkariko 110 harpidetza egin ditu leku publikoetan banatzeko

Euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko helburuarekin, aurten ere, Bermeoko Udalak Hitza egunkariarekin hitzarmen bat sinatu du eta horren barne Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako 110 harpidetza egitea adostu du Bermeoko leku publikoetan banatzeko. 

Horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Juan Karlos Agirrek, Euskara Saileko zinegotziak, Maite Alvarezek, Euskara teknikariak, eta Larraitz Ibaibarriagak, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako zuzendariak. 

Agirrek hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du, izan ere, bere helburuak dira “euskararen alde egitea, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta irakurzaletasuna zabaltzea bermeotarren artean”. “Hori lortzeko Hitzak herritarrei hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen die”, gaineratu du. 

Alvarezek adierazi duenez,  harpidetza hauek udal eraikinak diren Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhaz-en, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren egoitzan, Zaharren egoitzan eta Musika eskolan banatuko dira. Horrez gain, itxaron gelak dituzten hainbat lekutan banatuko dira, (medikuntza kontsultak, ile-apaindegiak, optikak…) izan ere, herritarrek toki hauetan irakurtzeko ohitura izaten dute eta horietan euskarazko hurbileko informazioa irakurtzeko aukera ematea, oso positiboa dela uste dugu aipatutako helburuak lortzeko”, nabarmendu du. 

Agirrek eta Alvarezek azaldu dutenez, 2014 eta 2015 urteetan udalaren eta Hitzaren hitzarmenaren bidez Hitza izan zuten 17 leku publikotan, “Hitzaren garrantziaz jabetu dira eta harpidedun ordaintzaile bihurtu dira”. Euskara zinegotziak eta teknikariak gaineratu dutenez, “oso positiboa” da establezimendu bakoitza harpidedun ordaintzaile bihurtzea, izan ere, “Bermeoko Udalari ere aukera ematen dio beste leku berri batzuetara Hitza zabaltzeko”. 

“Osakidetzari dagokionez, oraindik erantzunaren zain daude. Gauzak horrela,  aurten, iaz egin zen moduan ere, Bermeoko Udalak Osakidetzako anbulatorioan Hitzaren aleak banatzea erabaki dugu, guretzako ezinbestekoa delako osasun etxera doazen herritarrek euskarazko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera izatea”, azpimarratu dute. 

Euskara zinegotziak adierazi duenez, mota honetako ekimenak beharrezkoak dira euskararen normalizazioaren lanean jarraitzeko. 

15 / 03 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0