Albisteak

Albistea

Eguraldia dela eta, gaur Aratusteetako Jaikide diskofesta Goiko plazan dagoen karpan egingo da eta ez Lameran

 

Aratusteetan murgilduta gaude eta gaur, otsailaren 13an, hainbat dira Aratuste martitzena ospatzeko Bermeon izango diren ekitaldiak, horien artean, Jaikide diskofesta. Eguraldi txarra aurreikusita dagoenez, Jaikide Diskofesta Goiko plazan ezarrita dagoen karpan egingo da eta ez Lameran, aurreikusita zegoen moduan. Hortaz, diskofesta 16:30etik 20:30era izango da Goiko plazako karpan. 

Bestalde, gaur, 11:00etan hasiko gara Aratusteak ospatzen Bermeon;, ’Erroxapeko martxa’ taldearen ekitaldiarekin Bermeoko udal azokan. Herriko umeen kalejirei dagokienez, ikastetxeek, eguraldi txarra dela eta, kalejirarik ez egitea erabaki dute.   

Gaur Tabernen XVII. Mozorro Txapelketaren irabazleak jakinaraziko dira. Aurten bideo txiki bat prestatu da tabernariak lehiaketa koloretsu eta dibertigarri honetan parte hartzera animatzeko. Taberna parte-hartzaileak honako hauek dira: Zubigane, Gure Toki, Gaztelupe, Ipar Amets, Irish Pub eta Taraska. 

Aurten herritarrek ere bozkatzeko aukera izan dute internet bidez (Udalaren Facebook-en) edo Kultur etxean egongo den kutxaren bidez. Boto horiek guztien %60ko balioa izango dute. Gainerako %40a epaimahaiak erabakiko du tabernarik taberna joanda, gaur, Aratuste martitzenean; erabakia eguerdian jakinaraziko zaie irabazleei eta Udaleko webgunean eta sare sozialen bidez ezagutzera emango da.   

Bestalde, Aratuste giroan murgiltzeko, Aratuste martitzenean batukada ‘Brincadeira’k herriko kaleak alaituko ditu bere soinuekin eguerdiko 13:00etatik aurrera, eta arratsaldean, denok izango dugu kantsa arte dantza egiteko aukera 16:30etik 20:30era Goiko plazan egongo den diskofestan”.  Horrez gain, gau guztian DJ Unai Goikolearekin dantza egiten jarraitu ahal izango da Bermeoko Kafe Antzokian. 

Otsailak 17 

Baina Aratusteak Bermeon ez dira gaur bukatuko; izan ere, otsailaren 17an, zapatuan, jai hauek ospatzen jarraituko dugu, ‘Aldianak, aldianuek eta olatuek ekarrikuek’ ekimenarekin eta ‘80’s Party’ jaialdiarekin. 

Txosna batzordeak antolatuta, 12:00etan hasiko da ‘Aldianak, aldianuek eta olatuek ekarrikuek’ ekimena. Udal azokan ‘aldianak eta aldianuek’ baserri munduko mozorroekin jantzitakoak batuko dira eta, Portuen, aldiz, itsasuek ekarrikuek itsas mozorroz jantzita. Kalejira hasiko da musikaz girotuta, Alde Zaharretik pasatu, Taraskan bukatu arte,  13:30ean. Bertan, jai giroan eta musikarekin, jokoak egingo dituzte.  15:00etan bertso bazkaria izango dute Artza frontoian Onintza Enbeita eta Jon Maia bertsolariekin. Ondoren, dantzaldia izango da. 

Horrez gain, gaueko 21:30etik aurrera Bermeoko Kafe Antzokian '80's Party' jaialdia egingo da. Spookypheria Productions Kultur Taldeak antolatutako jaialdiaren edizio honetan be 80. hamarkadako doinuak izango dira nagusi.  

‘Band Jovi’ taldeak Bon Jovi-ren kantu ezagunen moldaketak taularatuko ditu eta, ondoren, DC Dataren sesioa izango da. Horretan be, 80. hamarkadako abestiak eta soinuak nagusituko dira. Sarrerak salgai daude honezkero Luma liburu-dendan eta Bermeoko Kafe Antzokian; aurretiaz erosita 7 euro dira eta 8 euro egun berdinean.  Jaialdira 80. hamarkada gaia hartuta mozorrotuta joateko deia luzatu dute antolatzaileek. 

 “Hortaz, jai-giroa ez da faltako Aratusteetan Bermeon. Horrela bermeotarrak mozorroa hartu eta ekimenetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, jai hauetan ondo pasatzea”, adierazi du Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak. 

13 / 02 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0