Albisteak

Albistea

Bermeoko 5. Erakusleiho Lehiaketa abian da!

-Parte hartu nahi duten establezimenduek txapelketarako izena eman beharko dute apirilaren 6a baino lehen

-Erakusleihoak maiatzaren 2tik 14ra egongo dira ikusgai

Bermeon, 2022ko martxoaren 30ean.-  Bermeoko Udalak 5. Erakusleiho Lehiaketa martxan jarri du. Une honetan, Udalak parte hartu nahi duten establezimenduei deia luzatzen die apirilaren 6a baino lehen izena eman dezaten. Ekimen honen helburua da herriko saltokiak indartzea, herrian kontsumoa suspertzea eta erakusleihoak apaintzea. Aurreko urteetan bezala, hainbat sari emango dira. Aurtengo gaia ‘Bermeo udaberriz jantzia’ izango da eta horren arabera apaindu beharko dituzte erakusleihoak lehiakideek.

Esan bezala, une honetan parte hartzaileek izena eman beharko dute. Txapelketa honetan Bermeoko edozein establezimenduk (berdin du bere jarduera zein den) hartu ahalko du parte, baina kanpoaldera ematen duen erakusleiho bat izan beharko du gutxienez. Izena emateko Bermeoko Udalak bere webgunean (www.bermeo.eus) duen eskaera orria bete eta Udalaren egoitza elektronikoaren bidez entregatu beharko da.

Aurten ere sari ezberdinak emango dira:

- Herritarrek euren bozketaren bidez aukeratutako saria (500 euro): adin nagusiko bermeotarrek, aurreko edizioetan bezala, euren botoekin irabazle bat aukeratu ahal izango dute. Horretarako, datu pertsonalekin eskuorri bat bete beharko dute. Orri horretan parte hartuko duten establezimendu komertzial guztiak egongo dira zerrendatuta eta herritarrek gutxienez 20 zigilu lortu beharko dituzte. Gainera, establezimenduak gune ezberdinetan kokatuta egongo direnez, gune bakoitzean zigilu kopuru bat lortu ahalko da gehienez (plano bat emango zaio herritarrari gune hauek identifikatuz). Esan bezala, 20 zigilu lortu beharko dira. Helburua da herritarrek ahalik eta gune gehien bisitatzea. Eskuorria beteta, Kultur Etxean, Berhaz bulegoan edo Behargintzan entregatu beharko da maiatzaren 2tik 14ra.

- Negoziotik kanpoko profesionalek egindako erakusleiho hoberena (500 euro): izenak dioen bezala, establezimenduek kanpoko profesional bat kontratatu ahal izango dute bere eskaparatea apaintzeko. Hori bai, aurretik adierazi beharko da kategoria honetan parte hartzen dela.

- Negozioetako langileek edo bertoko jabeek apaindutako erakusleihoak (500 euro): establezimenduko jabeek edo langileek egindako eskaparateak izango dira.  

Azken bi kategorietako sariak epaimahai profesional batek emango ditu irizpide hauek kontutan hartuta:

-  Irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena

-  Eszenaratzearen eta lanen akaberen kalitatea

-  Azken emaitza, mezuaren originaltasuna eta eraginkortasuna

Bestalde, lehen sarirako bozka emango duten herritarrek ere saria eskuratzeko aukera izango dute. Izan ere, parte hartzaileen artean 500 euroko saria zozkatuko da. Diru hori ekimen honetan parte hartu duten establezimenduetan gastatu beharko da maiatzaren 28a baino lehen.

“Bermeoko 5. Erakusleihoen Lehiaketa maiatzaren 2tik 14ra egingo da eta herriko saltokiak bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Uste dugu ekimen honek oso arrera ona duela herrian eta seguru naiz aurten ere oso eskaparate landuak ikusteko aukera izango dugula”, adierazi du Bermeoko Turismo eta Komertzio zinegotzi Kepa Zumetak.

30 / 03 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0