Albistea
Bermeoko Azokako Elkarteak (Berazel) ‘Txiki-Txef’ lehiaketa antolatu du Bermeoko azokan, txef gazteak ezagutzeko eta plater gozoak prestatzeko lehiaketa, hain zuzen ere. Lehiaketa honetako parte hartzaileak 7 eta 12 urte bitarteko umeak izango dira, eta parte hartu nahi dutenek uztailaren 25a baino lehen eman behar dute izena hurrengo telefonora deituta: 650 613759.
Berazeleko kideek azaldu dutenez, Bermeoko txef gazteak ezagutzeko eta plater gozoak prestatzeko lehiaketa da ‘Txiki-Txef’, eta Bermeoko azokan egingo da uztailaren 29an, zapatuan. 20 partaide baino gehiago badaude bi fase egingo dira, eta, horrela ez bada, finala bakarrik egingo da.
Lehenengo fasea goizeko 9:30etik 10:30era izango da. Parte hartzaileek plater bat egin behar dute, eurek nahi duten platera. Osagaiak etxetik ekarri beharko dira prestatuta (tuperretan) eta gero plazan platera elaboratu beharko da. “Esate baterako, oilo entsalada aurkeztu nahi badugu, etxetik ekarri beharko da oiloa prestatuta eta barazkiak zatituta eta gero plazan platera prestatu beharko da”, azaldu dute. Epaimahaiak 10 plater gozoenak aukeratuko ditu.
Horrela, finala goizeko 11:30etik 13:30era izango da. Berazel elkarteko kideek azaldu dutenez, “10 txiki-txef lehiatuko dira eta eurak aukeratzen duten platera prestatu beharko dute, eta lehenengo erosketak plazan egin beharko dira”. “Gogor lan egin beharko dute, denbora handirik ez dute izango eta”, ohartarazi dute.
Ildo honetan, adierazi dutenez, epaimahaiak irabazlea aukeratuko du plateraren originaltasuna eta zaporea kontuan hartuz. Xabier Bilbao sukaldaria izango da epaimahaikide bat eta berarekin batera epaimahai zorrotz batek aukeratuko du irabazlea.
Sariei dagokienez, txef guztiek amantal bat eta diploma bat jasoko dute, eta irabazleak txapel dotorea, kopa distiratsua eta sukaldeko tresna bikainak jasoko ditu.
Berazel-ek sukaldea gustuko duten 7 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxo guztiak gonbidatu ditu Txiki-Txef lehiaketan parte hartzera ondo pasatzeko aukera eskainiko duelako eta elikadura osasuntsua bultzatzeko era bat delako. Gainera ekimen hau Bermeoko bertoko kalitatezko produktuak eskaintzen dituen udal azoka indartzeko pauso bat da. Azkenez, Berazel-ek eskerrak eman dizkie Xabier Bilbaori eta Arroyabe enpresari lehiaketa hau antolatzen laguntzeagatik.
010 (94 617 91 00)