Albistea
Lanak euskarri gogor bati lotuta aurkeztu daitezke eta aurten lehenengo aldiz euskarri informatikoan soilik aurkezteko aukera ere egongo da
Bermeoko Jai batzordeak “Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak 2016” iragartzen duen kartela aukeratzeko lehiaketarako deialdia zabaldu du. Lanak aurkezteko epea uztailaren 1ean bukatuko da eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Bermeoko jaietako egitaraua eta kartela iragartzeko erabiliko dena.
Lehiaketako oinarriei dagokienez, aurten berrikuntza bat dago, izan ere, euskarri informatikoan soilik ere aurkeztu ahal izango dira. Hortaz, lanak derrigorrez 52x70 cm-koak izan behar dira eta gura den beste kolore eta edozein teknika erabili daitezke. Lana euskarri gogor bati lotuta aurkeztu daiteke edo euskarri informatikoan ( CD baten) be aurkeztu ahal izango da, hiru digitalizazioarekin: lehenengoa 200 kb-ko JPGa, bigarrena Mb1-eko JPGa eta azkena 52 x 70 cm-ko erresoluzio altuko PDFa. Gutxienez 300 ppko bereizmenagaz eta CMYK.
Testu hau izan beharko dute: BERMEOKO JAIAK 2016. Irailaren 7tik 16ra eta Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztuko dira, izenburuarekin eta egilearen sinadura barik. Izenburu bera daraman gutun-azal itxi batean, egilearen datuak adieraziko dira.
Bestalde, irabazlea nor den jakin arte, parte hartzaileek ezin izango dute kartelen egileen nortasunik publikoki ezta sare sozialetan adierazi, egitekotan kanporatu egingo dira, baita ere, arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten duten kartelak. Bermeoko Udalak kartelean aldaketak egitea eskatu dezake.
Erakusketa kartel finalistekin eta saria
Epaimahaia jai batzordeko eta artearen munduko herriko kideez osaturik egongo da. Epaimahaiak aurkeztutako kartel guztiak ikusiko ditu eta horien artean finalistak aukeratuko ditu. Aukeratutako kartel finalistak uztailaren 5ean jakinaraziko dira eta ikusgai egongo dira on-line eta Gizarte eta Kultura Etxean uztailaren 5etik 10era.
Ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko zaie modu bitan: Gizarte eta Kultura Etxean jarriko den kutxan botoa emanez edo internet bidez. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dute eta internet bidez jasotakoek %30a. Irabazlea puntuazio gehien jasotzen duen kartela izango da.
Halan be, herritarren bozketan enbatarik edo arazorik balego, irabazlearen aukeraketa epaimahaiaren eskuetan geratuko da. Udalak kartel irabazlearen jabetzea ez eze, jendaurreko komunikaziorako, kopietarako eta banatzeko eskubideak be eskuratuko ditu; eskubide horiek udalarenak baino ez dira izango.
Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa. Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea, abuztuaren 1etik irailaren 30era artekoa izango da. Epe hori igaro eta gero, jaso ez direnak udalarentzat izango dira. Lehiaketan parte hartzeak, baldintza guzti-guztiak onartzen direla esan gura du.
Argibide gehiago nahi duten pertsonek, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean (Irakaskintza 14 -16. Tel.: 946179157; kultura@bermeo.eus) jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, oinarriak www.bermeo.eus web gunean ikus daitezke eta Bermeoko Udaleko facebooken ere (https://www.facebook.com/BermeokoUdala) ekimena sortuko da. Bermeoko Jai batzordeak lehiaketa honetan parte hartzera animatu du jendea Bermeoko jaiek kartelik onena izateko.
010 (94 617 91 00)