Albistea
Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarte eta dendarekin elkarlanean, lore azoka berezia antolatu du bihar, ekainaren 1ean, zapatuan, eta berezia izango da Goiko Plaza 1.000 lore inguru erabilita edertu delako, Alde Zaharrean dagoen Goiko plazari bizia, kolorea eta irudi benetan ederra emanez.
Lore azoka berezia 10:00etatik 15:00etara izango da eta horren barne hainbat ekimen ospatuko dira; besteak beste, lore erakusketa eta lore azokatxoa, bertan herriko loradendek euren postu politak jarriko baitituzte. Gainera, Aintzane loradendak umeentzako tailerrak eskainiko ditu plastikozko botiletan landareak landatzeko aholkuak emanez eta horrela birziklapena bultzatuz.
Produktu berezien eskaintza
Era berean, produktu bereziak eskainiko dituzten postu ezberdinak izango ditugu lore azoka berezian. Ildo horretan, Gaztelugatxe gozotegiko eta T-kimua dendako gozoak, pastelak, kafea, tea edota txokolatea, besteak beste, dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Halaber, Uhaina surf & art dendak eskuz egindako arropa eta moda jasangarria ikusi eta eskuratzeko aukera egongo da eta baita ere Kuku Enearen jostailu bereziak. Horrez gain, ume zein nagusiek Katokale trebetasun jokoak eskainiko dituen pista jokoekin gozatzeko aukera izango dute Lora azoka berezi honetan.
Era berean, eskoletako umeek Alde Zaharrari buruz egin dituzten marrazki onenen erakusketa ikusteko aukera izango dugu eta, 13:30ean, sari banaketa ekitaldia izango da. Lehiaketa hori Peña Barrueta Arte elkarteak antolatu du. Horrez gain, Alde Zaharreko dendetan Peña Barrueta elkarteak erakutsitako arte lanei buruzko fitxategiak bete dituztenen artean ere opari txikiak banatuko dira.
“Lore azoka laugarren urtez antolatzen da eta bere helburua da Alde Zaharra kolorez eta biziz janztea, Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko eta guztiok berarekin gozatzeko”, adierazi dute antolatzaileek. Ildo horretan, adierazi dutenez, bihar, ekainaren 1ean, zapatuan, “giro ezin hobea izango dugu Bermeoko Alde Zaharrean eta lorak, gozoak eta gauza bitxiak ikusteko eta erosteko eta musika eta beste ekimen batzuekin gozatzeko aukera izango dugu”. Hortaz, pertsona guztiak bihar Goiko plazara gonbidatu dituzte.
010 (94 617 91 00)