Albistea
Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, hirugarren aldiz, lore lehiaketa antolatu du Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan, eta lehiaketa horren sariak erabaki ditu epaimahaiak. Aurten, iaz bezala, sei proposamen aurkeztu dira.
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Irune Ormaetxeak, Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak; Santi Muruak, Berualako zuzendariak; eta ‘Alde Zaharra bizirik’, ‘Haitz Nagusidxe’ eta ‘Berton’ elkarteetako eta lore dendetako ordezkariek. Izan ere, elkarlanean antolatutako ekintza izan da lore lehiaketa.
Lore lehiaketa horretan bi maila egon dira: alde batetik, leiho eta balkoiak, eta, bestetik, fatxadak. Fatxaden kategorian, Klara Deuna eskailerak 8ko fatxadak jaso du saria. Saria ematerako orduan, epaimahaiak fatxada osoaren konposaketa, loreen ezaugarriak eta koloreak baloratu ditu.
Leiho eta Balkoien kategorian, Andra Mari 18, 2. Ezkerra izan da irabazlea. Kasu horretan, bere orijinaltasuna eta arrantza tresnen eta Bermeoko sinboloen erabilera baloratu izan du epaimahaiak, emaitza deigarria izan baita, Bermeoko arrantza identitatea oso ondo islatzen duelako.
Lehiaketaren antolatzaileek parte-hartzaile guztien ahalegina txalotu dute; izan ere, euren esanetan, “lore lehiaketa gure Alde Zaharra indartzeko eta edertzeko emandako pausu bat izan da, eta guztiek helburu hori lortzen lagundu dute”.
Era berean, guztiei eskerrak eman dizkie “gure Alde Zaharreko eraikinak loreekin betetzeak, duda barik, Alde Zaharraren irudia asko edertzen duelako”. “Loreekin dauden lekuak, leku biziak dira, eta bizitasun hori adierazi dute lehiaketan parte hartu duten guztiek”, esan dute.
Horrela, urte guztian zehar Alde Zaharreko bizilagunak euren balkoi, leiho eta fatxadak loreekin edertzera animatu dituzte. Ildo horretan, datorren urteari begira, loreak dituzten eraikinetako bizilagunak lehiaketan parte hartzera animatu dituzte, asko baitira euren etxeak loreekin apaintzen dituzten bizilagunak, baina lehiaketan parte hartzen ez dutenak.
Azkenez, orokorrean lehiaketaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta hurrengo urtean ere antolatzeko prest agertu dira ideia eta proposamen berriekin, parte hartzea handiagoa lortzeko helburuarekin.
010 (94 617 91 00)