Albistea
Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean (Mokoneko aldatzan) dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin batera definitzeko parte hartze prozesua martxan jarri zuen abenduan, ‘Bekoportala’ prozesua, hain zuzen ere. Orain, parte hartze prozesu horren emaitzak aurkeztuko dira barikuan, apirilaren 7an, 19:00etan Hurtado de Mendozako orubearen aurrean. Bertan, parte-hartze prozesuan gune horretarako herritarrekin batera proposatu den erabileraren berri emango da.
Irune Ormaetxeak, Bermeoko Urigintza zinegotziak, gogoratu duenez, Hurtado de Mendoza kalean, orube eta lokal bat dago. Orubea, egoera oso txarrean zegoenez, Udalak desjabetu zuen, eta lokala Berualarena izanda, gune hori berreskuratzeko prozesua abian jarri zuen Udalak parte-hartze prozesu baten bidez. Hori aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailaren diru laguntza izan du Bermeoko Udalak, Itsaspen programaren barne.
Azaldu duenez, Arkibai, Garapen Jasangarrirako eta Sozialerako Arkitekto Elkarteak, martxan jarri duen parte hartze prozesuan lehenenik eta behin, “herritarrekin Alde Zaharreko eta zehazki, gune horretako beharrak identifikatu ziren; eta, ondoren, orube eta lokal hori zertara bideratu aztertu zen herritarrekin batera”. Horretarako, tailerrak, galdetegiak eta bestelakoak egin dira.
“Orain, herritarrekin egindako lan horren emaitza herriari aurkeztu nahi diogu eta gune horretarako herritarrekin definitu den erabilera eta proposamenaren berri eman”, adierazi du Ormaetxeak. Hitzordua barikuan, apirilaren 7an, 19:00etan izango da Hurtado de Mendoza orubearen aurrean. Urigintza zinegotziak herritar guztiei aurkezpenera etortzeko gonbidapena egin die.
010 (94 617 91 00)