Albisteak

Albistea

Bermeok Goiko Plazan edertu du argiztapena hobetuz

-Argiztapen monumentalaren proiektuari esker, duela gutxi zaharberritutako udaletxearen fatxada argiztatu da, modu soil eta dotorean eta iraunkortasun, eraginkortasun eta kalitate irizpideei jarraituz. Datozen asteotan Santa Maria elizaren fatxada ere argiztatuko da

-Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako jarduera da. Guztira, 48.400 euro inguru bideratu dira lan horiek egiteko


Bermeon, 2023ko apirilaren 3an.- Bermeoko Udalak lanean jarraitzen du alde zaharra edertzeko eta herriaren ondareari balioa emateko. Horrela, eta iraunkortasun, efizientzia eta kalitate irizpideei jarraituz, Goiko Plazako izenez ezaguna den Arana Goiri tar Sabin plazako argiztapena hobetzeko lanak egin dira. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako jarduera da, zeinetara guztira, 48.400 euro inguru bideratu diren.

“Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lanari esker, argiztapen monumentaleko proiektu berri hau gauzatzea lortu dugu. Orain arte, beste erakunde batzuekin adostasunera iristea lortu dugu bermeotarren onurarako diren proiektu ugari garatzeko. Berriro ere, beraz, eskerrak ematen dizkiot Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenagatik eta erakutsitako jarrera proaktiboagatik” adierazi du Aritz Abaroa alkateak.

Lan horien helburu nagusia Goiko Plaza bezalako alde zaharreko gune esanguratsua edertzea izan da, bertan dagoen ondare handiari balioa emanez. Horretarako, duela gutxi zaharberritutako udaletxearen fatxada argiztatu da, barrutik zein kanpotik, modu soil eta dotorean. Zehazki, balkoien, leihoen, kanpandorrearen, estalkiko barandaren, armarriaren eta erlojuaren tenpletearen argiztapena berritu da. Udaletxearen fatxadaren lana aprobetxatuz, Santa Maria elizaren fatxada ere argiztatuko da datozen asteotan.

Lanak egiterakoan, efizientzia-, jasangarritasun- eta kalitate-irizpideak hartu dira kontuan, beste batzuen artean. Izan ere, argi guztiek LED teknologia eta azken belaunaldiko txipak dituzte, eta argiztapena argiteria publikoaren sarera konektatuta eta egunean piztutako ordu kopurua kontrolatzeko aukera emango duen erloju astronomiko batekin egin da.

Era berean, argiak ahalik eta gehien integratu dira udaletxearen fatxadako baoetan, ingurunea eta biodibertsitatea argi bidez ez kutsatzeko. Elizaren kasuan, proiekzioa modu leunean egingo  da, luminariei argi-kutsadura minimizatuko duten islagailuak jarriz.

03 / 04 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0