Albistea
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak udal langile guztiei zuzendutako saioak antolatu ditu euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egiteko eta Bermeon euskararen erabileran eragiteko asmoz.
Lehen saioak aste honetan izan dira eta 40 langile inguruk parte hartu dute, zenbait arlotan lan egiten dutenak; hala nola, aurrez aurreko zerbitzuetan, bulegoetan, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuan, udaltzainak eta herri lanetako langileak.
Ahozko erabileran eragiteko helburua aintzat hartuta, saio horietan hainbat hausnarketa gai izan dute, bai udalaren barneko harremanen inguruan, baita ere herritarrei udalak eskaintzen dizkien zerbitzuen ingurukoak.
Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak, adierazi duenez, Bermeoko Udalak, erakunde publikoa den heinean, euskararekiko “erantzukizun soziala” du, eta, beharrezkoa da langileei euskara ahoz gehiago erabiltzeko baliabideak ematea. Euskararen egoera aztertu, eztabaidatu, jarrera aktiboak sustatu eta sentsibilizazioa landu dira, herrian horrek duen eraginaren kontzientzia hartzeko.
Horrela euskara saioetan udal langileek honako gaiak izan dituzte aztergai: Bermeoko Udalaren hizkuntza ibilbidea azken 40 urteetan; euskara jakin arren, ez erabiltzeko faktoreak; historian zehar eta egun dagoen gaztelaniaren aldeko hizkuntza politikak euskararen erabileran duen eragina; hizkuntza ekologiaren kontzeptu nagusiak; arnasguneen ezaugarriak eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak eta Udal Legeak Euskal Autonomia Erkidegorako eskaintzen diguten Lege Babesa. Horrez gain, aurrera begira, ahozko erabilera areagotzeko zelan eragin ere landu da.
Saio horietan parte hartu duten langileen balorazioa ona izan da, erakundean euskararen erabilera areagotzeko aukerak badaudela adierazi dute eta erabilera hobetzeko gogoa ere bai; izan ere, euskaraz egiteko jokaera kontzienteak pizteari garrantzia handia eman diote.
Bere aldetik, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak uda ostean saio horietan langile gehiagok parte hartzeko aukera emateko eta euskara erabiltzeko jokaera aktiboak sustatzeko lanean jarraituko duela adierazi du.
010 (94 617 91 00)