Albisteak

Albistea

XXVII. Arrain Azoka birtualaren lehentasuna arrantzale eta enpresen lana balioan jartzea izango da

-Maiatzaren 21etik 23ra bitartean Bermeoko atunontzi zein herritik kanpo dauden enpresekin Zoom bidezko konexioak gauzatuko dira

-Produktuak erosteko bi aukera izango dituzte interesdunek, online bidez https://www.bizibermeo.eus/azokabirtuala edota Bermeoko kontserba lantegietan bertan asteburuan

Bermeon, 2021eko maiatzaren 14ean.- Aurten ere Arrain Azoka beste modu batera bizi behar izango dugu, koronabirusaren pandemiak horrela derrigortzen baigaitu. Baina iaztik hona, gure arrantzale zein enpresak ez dira gelditu, eta pandemiak eragindako baldintzak kontutan hartuz ahalegin handiz bete dute beraien lana. Horregatik, aurtengo XXVII. Arrain Azokak haien lana goraipatu nahi du, bizi dugun egoeran erakutsi duten konpromisoagatik beste behin. Izan ere, Azokaren egitarauaren barruan (maiatzaren 21ean), Bermeoko atunontziek eta herritik kanpo dauden enpresek dituzten lan egiteko baldintzak nolakoak diren azaltzeko Zoom bidezko konexioak egingo  dira, besteak beste.

Halaber, hilaren 21ean Rafael López Guillén-en “La Neskatilla de Bermeo” liburua aurkeztuko da. Arrantza munduko lana eta pertsonaia iradokitzaileak biltzen ditu Guillén-en lanak. Bermeoko neskatilekin bisita bat egin ondoren bururatu zitzaion egileari testuinguru hori erabiltzea liburua idazte aldera. Horrez gain, larunbatean hiru ekintzailetza proiektu berri aurkeztuko ditugu Zoom bidez. Ekintzaile-lehiaketa ezberdinetan garaile izandako hiru proiektu gazte hauek, arrantza ekonomiaren etorkizuna ikusarazten lagunduko digute.

Arrantzaleen museoak ere bere eskaintza egokituko du Arrain Azokarako. Aurten bisita gidatuak egongo dira, hori bai, erreserbak aurretiaz egin beharko ditu interesdunak eta Azokak iraun bitartean sarrera doakoa izango da. Aurten gainera, produktuak erosteko bi aukera izango ditugu, online bidez https://www.bizibermeo.eus/azokabirtuala edota Bermeoko kontserba lantegietan bertan asteburuan.

Bestalde, online egiten diren eskari guztiekin BTWC (Bermeo Tuna World Capital) eta Arrain Azokako banakako mahai-zapiak banatuko dira, merchandising gisara. Bukatzeko, igande goizez Erraldoien konpartsak ematen duen sariaren ekitaldia burutuko da.

Aurtengo Hegaluze Sariari dagokionez hautagaiak aurkezteko epea maiatzaren 16ra bitarte egongo da irekita eta sarituaren berri astelehenean (Maiatzak 17) bertan emango da argitara.

Azokaren informazio eguneratua Arrain Azokaren web orrialdean izango da eskuragarri https://www.bizibermeo.eus/arrainazoka  eta bertan hamaika lotura izango ditu erabiltzaileak eguneko ekintzak zuzenean edo grabatuta ikusi ahal izateko. Horrez gain, Arrain Azokako sare sozialetan (Facebook, Instagram eta Youtube) informazio eguneratuaz gain, enpresei buruzko bideoak eskuratu ahal izango du interesdun orok.

Aurtengo Arrain Azoka estrategiakoa da, bizi dugun osasun krisi honen aurrean gure izate eta nortasuna ukiezinak direla erakutsi nahi izan dugu Arrain Azoka Elkartetik eta Azoka gure bizimoduaren ikur erakusgarria da. Beste baldintza batzuetan ospatu beharko dugu zentzuz jokatuz, baina, gure idiosinkrasiaz harro gaudenaren beste lagin bat da honakoa, azpimarratu du Aritz Abaroa alkateak.

14 / 05 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0