Albistea
Aurten ere, bermeotar guztiek ekintza ugariz gozatzeko aukera izango dute Aste Santuko oporraldian. Bermeoko Udalak, Kirol, Gazteria, Kultura eta Turismo sailen bitartez, aspertzeko denborarik ez izateko egitarau zabala antolatu du. Aste Santuan, apirilaren 3an eta 4an, Bermeok lehenengo aldiz egingo den Herri Kirol Txapelketa herrikoia hartuko du, udalak eta Sustabiz Fundazioak antolatuta.
Aste Santuko oporraldia behar den moduan hasteko, Xsakara bermeotarrak Ilargiaren Semea albuma aurkezteko jaialdia prestatu du zapaturako (martxoak 23). Bermeoko Kafe Antzokian izango da, eta 21:00etan zabalduko dituzte ateak. Gonbidatu desberdinekin eztabaida kultural bat eginez hasiera emango diote jaialdiari. Ondoren, gonbidatuek Ilargiaren Semea albumaren aurkezpen interpretatiboa egingo dute, eta horren ostean izango da Xsakararen kontzertua. Goizaldera arte luzatuko dute jaialdia DJGabanna eta Monetekin. Sarrerak 10 eurotan salgai daude Bermeoko Kafe Antzokiko webgunean. Zapatuan bertan sarrerak leihatilan salgai egongo dira 12 eurotan.
Martxoaren 26rako, martitzenerako, beste hitzordu bat dago antolatuta. Bermeoko Udalak herritar guztiekin hurbila izan gura du, eta horretarako oraingoan gazteekin batuko dira egun horretan; hain zuzen ere, Gazte Mahaia antolatu da, 18:00etan, Gaztelekuan (Gizarte eta Kultura Etxea). Maite Caruezo Ugalde, Endika Etxebarria Telleria eta Arantza Ormaza Tarantino zinegotziak gazteekin batuko dira, gazteek dituzten zalantzak, kexak eta iradokizunak entzuteko. 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako mahaia izango da, eta horien parte hartzea eskatu du Maite Caruezo Ugalde Gazteria arloko zinegotziak.
Eta, urtero legez, Bermeoko Udalak, Aberri Egunean, martxoaren 31n, domekan, ekitaldi instituzionala egingo du Goiko Plazan, 12:00etan. Bertan, adierazpen instituzionala irakurriko da. Udaletik bermeotarrak deitzen ditugu “euskaldun guztiok batzea helburu duen” Aberri Eguneko ekitaldian parte hartzera.
Bermeoko Herri Kirol Txapelketa herrikoia
Bermeoko Udalak eta Sustabiz Fundazioak sustatuta, herri kirolak bultzatu asmoz, lehenengo aldiz antolatu da Herri Kirol Txapelketa Herrikoia, eta Bermeon izango da apirilaren 3an eta 4an. Lehiakideek diziplina desberdinetan lehiatuko dute: trontza, harrijasotze, txinga erutea, ingude jasotzea eta arrauna.
Parte hartzaileek bi kategoriatan lehiatuko dute: 15- 18 urte bitartean eta 18 urtetik gora. Parte hartu gura dutenek txapelketarako antolatu den karteleko QR kodearen bitartez eman beharko dute izena. Oraindik txapelketako ordutegia zehaztu barik dago.
Txapelketara “ahalik eta hobeen” prestatuta joateko asmoz, lehiakideek diziplina bakoitzeko entrenamenduak eta beharrezko azalpenak jasoko dituzte txapelketaren bezpera egunean, apirilaren 3an.
Xabier Ortuzar Butron kirol zinegotzia “oso pozik” agertu da Sustabizek agertutako prestutasunarekin, eta lehenengo aldiz antolatu den mota honetako txapelketa arrakastatsua izatea espero du.
Gazteentzako aisialdia
Aste Santuko oporraldian ume eta gazteei aisialdi hezigarria, dibertigarria eta aktiboa eskaini asmoz, kirol eta gazteria sailek jarduera ugari antolatu dituzte.
Kirol sailak, Pazko Asterako (apirilaren 2tik 5era), batetik, saskibaloiko kanpusa antolatu du, 11-14 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Egunero, 11:30etik 13:00etara batuko dira eta Areneko kiroldegiko kantxa estalian izango da.
Bestetik, Uretan Gozatuz! Ekimena antolatu da apirilaren 2 eta 4rako. Adin tarteka banatuta, jolas desberdinetan parte hartu ahalko da igerilekuan. Uretan jolasean (musika, jolasak, ginkanak) izeneko ekimenean 3 eta 6 urte bitarteko umeek parte hartu ahalko dute; lehenengo txanda, 11:45etik 12:45era, 3 eta 4 urtekoentzat izango da, eta bigarrena, 16:15etik 17:15era, 5 eta 6 urtekoentzat. 7 eta 14 urte bitartekoek, berriz, Txiki-olinpiadetan (waterpolo, akua-zunba, akua-saski) parte hartu ahalko dute, 13:00etatik 14:00etara. Azken honetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da igeri egiten jakitea. Izen-emateak zabalik daude Areneko kiroldegian edo bulego birtualean.
Gazteria sailetik, berriz, autodefentsa pertsonalerako teknikak ikasteko tailerra antolatu da, 14 eta 24 urte bitartekoentzat; Orain Bai gimnasioan eskainiko da, dohainik. Martxoaren 25etik 27ra bitartean izango da, 10:00etatik 13:00etara. Pazko Asterako, berriz, 12-18 urte bitartekoei zuzendutako hiru eguneko Robotikako kanpusa antolatu da, apirilaren 3tik 5era; 10:00etatik 13:00etara izango da Gaztelekuan. Doako kanpusa bada ere, izena ematerako orduan 2 euroko fidantza ordaindu beharko da. Batean zein bestean izena emateko, GIZen bulegoetara hurbilduta egin daiteke edo 688 81 99 50 telefono zenbakian.6-11 urte bitartekoei zuzenduta dagoen Ludoteka zerbitzua Pazko Astean zabalik egongo da, apirilaren 2tik 6ra bitartean, 17:30etik 20:30era. 0-5 urte bitartekoentzako Bekoportale ere martxoaren 26 eta 27 eta apirilaren 2tik 5era zabalik egongo da. Bekoportalek, gainera, ordutegi berria dauka. Aurrerantzean astelehenetik eguenera, 17:00etatik 19:00etara zabalik egongo da, eta barikuetan 17:00etatik 20:00etara. Zapatuetan itxita egongo da. Bi zerbitzuetan ekintza ugari antolatu dira datozen opor egunei begira, proposamen zoragarri eta dibertigarriak, adin tarte bakoitzari egokituak.
Bisitarientzako Bermeo
Bisitari askoren jomuga izaten da gure udalerria Aste Santuko oporraldian. Udaletik gogorarazi gura dugu, Bermeo garraio publikoz “oso ondo” komunikatuta dagoen udalerria dela, trenez zein autobusez heldu daiteke. Hala, “ingurumenarekin arduratsuak” izanik garraio publikoa erabiltzeko deia egiten dugu.
Gogoratu beharra daukagu Aste Santuko jai egunetarako Gaztelugatxeko San Juanerako autobus eta gidari zerbitzuak antolatu direla Bermeoko Turismo Bulegotik. Ezinbestekoa da erreserba egitea: www.bizibermeo.eus. Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo-Bakio lotzeko Bizkaibus zerbitzua jarriko du martxoaren 23tik apirilaren 7ra bitartean. Orduro abiatuko da autobusa Bermeotik ordu puntuetan 10:00etatik 20:00etara. Bakiotik, berriz, erdietan irtengo da, 09:30etik 19:30era.
Bermeok turismo aktiborako aukera ugari eskaintzen ditu, eta itsasotik zein lurretik ezagutzeko aukera dago, gainera. Adin eta gustu guztietarako planak aukeratu daitezke: itsasora irtenaldiak, eskalada ikastaroak, bisita gidatuak, bertoko produktuen erosketak, gastronomia dastatu, mendi ibilbideak… horiek guztiak www.bizibermeo.eus webgunean aurkitu daitezke.
Gainera, urtero moduan, Bermeoko Santa Vera Cruz kofradiak Aste Santuarekin lotutako berezko ekintza antolatu du. Bariku Santuan, bi prozesio egongo dira, 11:00etan 18:00etan.
Aste Santuan zehar, indarrean sartuko da autokarabanen guneko kudeaketa sistema berria. Modu horretara, aurrerantzean Burujabetasun zelaian kokatuta dagoen autokarabanen gunea erabili gura dutenek, erreserba egin beharko dute www.bizibermeo.eus edo www.bermeo.eus webguneen bitartez. 19 autokarabanentzako lekua egongo da aparkalekuan, eta sarrera eta irteera kodea duen hesi baten bidez kontrolatuko da.
Informazio eguneratu guztia Turismo Saileko web orrialdean egongo da eskuragarri: www.bizibermeo.eus
010 (94 617 91 00)