Albistea
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin eta Bermeoko Hizkuntza Eskolarekin batera bideratzen duen Berbalagun egitasmoa martxan da urritik hona, eta, gainera, “indartsu”; izan ere, 40 lagun baino gehiago daude izena emanda egitasmoan. ‘Praktikatu eta bizi’ da ikasturte honetako leloa, eta parte hartzen duten pertsonei, lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Hori dela eta, urte berrirako leloa izango dute “Jarraitu ohiturak aldatzen”. Egitasmo honetan parte hartu nahi duten pertsonek urtarrilaren 7tik aurrera izena emateko aukera izango dute.
Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak, azaldu duenez, “oso harrera ona du aurten ere Berbalagunek eta, gainera, urtez urte aberastuz doa”. “Parte hartzaileak pozik daude; izan ere, ikasitakoa era natural batean adierazteko aukera ematen die”, esan du. “Berbalagunen parte hartzen duten pertsonek lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko”, azaldu du.
Aitziber Gabikaetxebarriak, Euskara teknikariak, gogoratu duenez, Berbalagun egitasmoan “edonork parte hartu dezake: euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak”. Gaur egun, hainbat talde ditugu martxan bai goizez, zein arratsaldez ordutegi eta egun desberdinetan.
“Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen du; izan ere, aisialdian egiteko egitasmoa da”, azaldu du Marimar Hernandezek, Berbalagun egitasmoaren dinamizatzaileak. Ildo horretan, adierazi duenez, Berbalagunen parte hartzeko “euskaraz berba egiteko <u>gogoa</u> baino ez da behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago”.
Hortaz, zehaztu duenez, Berbalagunen parte hartzeko bi modu daude, alde batetik, euskara praktikatu nahi duten pertsonak eta, beste alde batetik, bidelariak, bide hori egiten laguntzen duten pertsonak, “ezinbestekoak”, hain zuzen ere, egitasmo hau martxan jartzeko. Aipatu egitasmoan parte-hartzea dohainik dela azpimarratu dute.
Gurasolagun
Marimar Hernandezek esan duenez, Gurasolagun ekimena ere martxan dago, eta ekimen horren bitartez gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz egiteko aukera dute.
Gogoratu duenez, Gurasolagun familientzako berba-taldeak dira; “jolasak, txangoak eta tailerrak egiten ditugu, helduak eta haurrak batera aritzeko”. “Hainbat familia batzen direnez, aukera aproposa ere bada lagun berriak egiteko”, gaineratu du. Ildo berean, urtean bitan, gutxienez, asteburu-pasak ere antolatzen dituztela adierazi dute.
Gurasolagunen bidez, “gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa indartu nahi da, eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu”.
Bestalde, Berbalagun egitasmoaren barne hainbat ekintza osagarri antolatzen direla ere jakinarazi dute, “euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko”. “Ekintza osagarrien programa zabala eskainiko da; besteak beste, bidaietako kronikak, eskulanak, dantza tailerra…”, azaldu dute.
Kirolaren eta naturaren inguruko jarduerak
Gainera, iazko esperientzia arrakastatsua ikusita, urtarriletik aurrera ere, kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak egiteko aukera izango dutela azaldu dute:
Urtarrilak 20, Artxandan orientazioa: 2 eta 5 km-ko orientazio ibilbideak, familian, taldean edo bakarka egitekoak.
Otsailak 24, Gorobel mendilerroa: 11 km-ko ibilbide zirkularra: Ledoño goikoa -Tologorri - Menerdiga - Ledoño goikoa. Irteera honetan argazki lehiaketa ere egongo da.
Martxoak 24, Barbadun ibaitik ibilaldia: 12 km-ko ibilbide zirkularra izango da. Irteera honetan El Pobaleko burdinolara egingo da bisita gidatua.
Maiatzak 12, Entzia mendilerroa: 12 km-ko ibilbide zirkularra halaber: Itaida - Kristinoak - San Benito – Itaida eta Kristinoen kobara bisita.
Ekainak 09, Urkiolatik Ipiztera: 14 km-ko ibilbide zirkularra: Urkiola - Ipizte – Urkiola eta Santa Kruz apaizaren ezkutalekura bisita.
Ekainak 23, Itxinako zeharkaldia: 11 km-ko ibilbide zirkularra Atxulaur – Supelegor koba - Itxina – Kargaleku.
Ekintza horiek guztiak zabalik daude berbalagunentzat eta ez direnentzat baita ere eta horien berri emateko hainbat bide erabiltzen dira, hala nola, berbalagun hileroko agenda, Berbalagun info! eta sare sozialak.
Lehiaketak ere izaten dira; hurrengoa negukoa izango da, otsailaren 11tik 28ra, eta udaberrian ikasturtea amaitzeko maiatzaren 13tik 31ra. Parte-hartze handia izaten dute eta sari berezia, Errigorako otzara, alegia. Udazkeneko lehiaketaren irabazlea Miren Goienetxea izan da. Sari hori Nafarroako ikastolak eta bertako produktuak zabaltzeko eta laguntzeko keinua ere badela gogoratu dute.
Bermeoko Berbalagun sare sozialetan
Informazio eguneratua nahi duenak, eskura izango ditu Berbalagunen Facebook-ean eta blogean, bertan argitaratzen baitira berri guztiak, hileroko agenda eta izena emateko aukera ere eskaintzen du zuzenean.
Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsona guztiek, beraz, Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 telefono zenbakian kontaktatu.
010 (94 617 91 00)