Albistea
Laster Aratusteak izango dira, eta gure herria berriro ere kolorez eta mozorroz beteko da jai hauek ospatzeko. Aurten Aratusteetako ekimenak otsailaren 24an, barikuan, hasiko dira Bermeon, eta martxoaren 4ra arte jarduera ezberdinak izango ditugu. Pailazoak, Lantzeko inauteriak, tabernen mozorro txapelketa, tostada txapelketa, kalejirak, dantzaldiak eta 80’ Party, besteak beste, izango ditugu egun hauetan.
“Guztiok, txikiak zein nagusiak, izango dugu Aratusteetan gozatzeko aukera”, adierazi dute Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak Aratusteak aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Astuirekin batera egon dira Maribi Larrinaga Jai Batzordeko eta Haitz Nagusi elkarteko kidea, eta Inigo Atxa, 80’ Party antolatzen duen Spookypheria Productions Kultur Taldeko kidea.
Aratusteetako egitarauari dagokionez, otsailaren 24an, barikuan, hasiko da. Egun horretan, Bermeoko Kafe Antzokian arratsaldeko 18:30ean Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek ‘Erromirria’ umeentzako dantza-animazioa eskainiko dute, erromeria familiarra, hain zuzen ere. Sarrera lau eurokoa izango da eta salgai dago Gizarte eta Kultura etxean, BBK-ko orotarako kutxazainetan eta wwww.kutxabank.es web gunean. “Ikuskizun honetara umeei mozorrotuta etortzeko deia egiten diegu”, azpimarratu du Astuik.
Otsailaren 25ean, zapatuan, Alkartasuna Dantza taldeak eta Bermeotarrak Fanfarreak antolatuta, Lantzeko inauteriak ospatuko dira 12:30etik aurrera herriko kaleak kolorez, dantzaz eta musikaz betez. Ibilbidea hauxe izango da: Kultura Etxetik irtenda, Sancti Spiritus Zaharren egoitza, Goiko plaza, Nardiz tar Jon, Arresi kalea, Taraska, Lamera, portuzarra eta azken ekitaldia Lameran izango da, eta hemen Mihelotzin erreko da.
Gainera, aurten, zapatuan, otsailaren 18an, Lantzeko inauterien ikastarotxoa antolatu dute goizeko 11:00etan Gizarte eta Kultura Etxean. Horrela, nahi duten pertsona guztiak ikastaro horretan eta otsailaren 25ean egingo den Lantzeko inauterien kalejiran parte hartzera animatu dituzte.
Otsailaren 26an, domekan, Goiko plaza musikarekin eta tostada txapelketarekin giro polita izango dugu herrian. Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatuta Ogizko eta ahiezko modalitateen tostada txapelketa egingo da Kabidxe gunean, eta 12:00etan herriko sukaldariek zuzenean prestatuko dituzte tostadak. Tostadak eguerdiko 12:00etatik 12:30era aurkeztu beharko dira, eta 13:30ean sari banaketa izango da. “Animatu eta parte hartu”, deia egin dute.
Otsailak 28, Aratuste martitzena
Otsailaren 28an, martitzenean, urtero bezala, herriko hiru ikastetxetako umeek mozorrotuta kalejirak egingo dituzte goizeko 11:00etatik aurrera Bermeoko kaleetan zehar, herrian giro polita eta koloretsua sortuz.
Martitzenean Tabernen XVI. Mozorro Txapelketa ere egingo da eta goiz horretan erabakiko du epaimahaiak irabazleak nortzuk diren. Goizeko 11:00etatik aurrera kalejira izango dugu fanfarrearekin, eta arratsaldean, denok izango dugu kantsa arte dantza egiteko aukera 16:30etik 20:30era Lameran egongo den FM dantzaldian”, azaldu du Kultura zinegotziak.
80’s party
Martxoaren 4an, zapatuan, Aratusteak ospatzen jarraituko dugu, gaueko 21:30etik aurrera Bermeoko Kafe Antzokian '80's Party' jaialdia egingo baita. Spookypheria Productions Kultur Taldeak antolatutako jaialdiaren edizio honetan be 80. hamarkadako doinuak izango dira nagusi.
‘Unholy Covers’ taldeak hamarkada horretako kantu ezagunen moldaketak taularatuko ditu eta ondoren, DC Dataren sesioa izango da. Horretan be, 80. hamarkadako abestiak eta soinuak nagusituko dira. Sarrerak salgai dagoz honezkero Luma liburu-dendan eta Bermeoko Kafe Antzokian. Sarrerak aurretiaz erosita 5 euro dira eta 6 euro egun berdinean . Antolatzaileek, jaialdira mozorrotuta joateko deia luzatu dute.
“Hortaz, jai-giroa ez da faltako Aratusteetan Bermeon. Horrela bermeotarrak mozorroa hartu eta ekimenetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, jai hauetan ondo pasatzea”, adierazi du Astuik
010 (94 617 91 00)