Albistea
Maiatzaren 11ra arte XIX Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea irekita egongo da
Bermeoko Arrain Azokaren barne egiten den Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa aurten martxoaren 28an, zapatuan, egingo da eta eszenatoki berri batean, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, hain zuzen ere. Horrela, egun horretan zehar, goiz eta arratsaldez kalitatezko sei proiekzio ikusteko aukera izango dute nahi duten pertsona guztiek.
Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak, eta Bego Gangoiti Turismoko arduradunak aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Bermeoko Azokaren barne egingo diren hainbat ekimen, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa eta Hegaluze Saria, hain zuzen be. Bertan azaldu dutenez, nahiz eta herriko kultura eta produktuen erakusleiho aparta den Bermeoko Arrain Azoka aurten maiatzaren 15, 16 eta 17an izan, helburua da denboran zehar zabaltzea eta ez mugatzea asteburu batera.
Horrela aurten Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa ez da asteburu berdinean izango eta martxoaren 28an, zapatuan, izango da Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Zinea gustuko dutenek ziklo honekin gozatzeko aukera izango dute goizeko 11:30etik aurrera. Izan ere, ordu horretan Juan José Buenoren ‘Kubako altxor urperatuak’ (25’ gazteleraz) eta Jorge Candamen ‘Baso Sorgindu baten itsasoa’ (50’ euskaraz) proiektatuko dira.
Arratsaldean ere hainbat proiekzio ikusi ahal izango dira. Horrela 18:30etik aurrera honako filmak ikusteko aukera izango dute Arrantzaleen Museora bertaratzen diren guztiek: Rene Heuzey eta Benoit Reevesen ‘Erraldoien gaua’ bideo musikala (6’), musika Yukimi Yamamotona da; José Carlos Randoren ‘Malkoak itsasoan’ (3’ gazteleraz), Jose A.Valverderen ‘Algodre’ (6’ gazteleraz) eta Indonesiako Bali filma (52’).
Arrain Azoka Elkarteak eta Actividades Subacuáticas Real Sociedad de Fútbol elkarteak antolatzen duten zinema ziklo honek itsaspeko zinemaren kalitatezko filmak eskaintzen ditu zinema hau herritarren eskura jarriz. Ormaetxeak herritar eta nahi duten guztiak gonbidatu ditu zine honekin gozatzera martxoaren 28an, gainera aurten Arrantzaleen Museoa bezalako eszenatoki batean. Sarrera dohainik da.
XIX. Hegaluze Saria
Bestalde, Ormaetxeak azpimarratu duenez, aurten ere “bermeotarrontzat hain garrantzitsua den Hegaluze Saria emango da”. “Sari honekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritu nahi da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari”, nabarmendu du.
Horrela, azokaren barne emango den XIX. Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago jadanik maiatzaren 11ra arte. Proposamenak egin nahi dutenek orri baten aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten azaldu behar dute. Horiek aurkezteko hainbat bide egongo dira: hegaluze@itsuki-irratia.net helbide elektronikora edo Itsuki Irratira (‘Hegaluze saria’, 120 p.k.- 48370 Bermeo) bidali edo Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu.
Hegaluze Saria urtero bezala Itsuki Irratiak antolatzen du Arrain Azoka Elkartearen babesarekin. Sari hau pertsona, erakunde, elkarte, entitate, enpresa edo proiektu bati ematen saio eta arlo guztietako ekintzak saritzen dira (kirola, enpresa, kultura, gizartea, ekonomia…).
Irabazlea epaimahai baten bidez aukeratzen da eta saria maiatzaren 16an, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldia baino lehenago ematen da Nestor Basterretxea aretoan.
2014ko edizioan Juan Antonio Apraiz ‘Coyote’k jaso zuen Hegaluze saria, 2013ko edizioan Bermeoko Herri Babesak eta 2012ko edizioan Bermeoko eta Izaro Abesbatzak, hurrenez hurren, eta, besteak beste, Bermeoko Santa Veracruz Kofradiak (2011), Jabi Elortegik (2010), Bingen Fernandezek (2009) eta Ilaski Serranok (2008) jaso dute Hegaluze Saria.
Arrain Azokako kartel lehiaketa
Bestalde, Ormaetxeak eta Gangoitik gogoratu dutenez, aurten Arrain Azoka Elkarteak “XXI. Arrain Azoka 2015” iragartzen duen kartelaren lehiaketarako deialdia zabaldu du eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Arrain Azokako egitarauren foiletoaren azala eta kartel iragarlea. Lanak aurkezteko epea apirilaren 12ra arte dela adierazi dute eta interesa duten guztiei parte hartzera animatu die.
Merkataritza eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, ekimen guzti hauekin arrain azoka “parte-hartzaileago bat lortu nahi dugu, herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea”, ekimen ezberdinetan parte hartuz. “Arrain Azoka gure produktu eta kulturaren erakusleiho aparta da eta horrela izaten jarraitzeko lanean jarraituko dugu, gainerako erakundeekin elkarlanean”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)