Albisteak

Albistea

Santamañe kale inguruan irisgarritasuna hobetzeko lanak laster hasiko dira berriro

Lanak egiten ari zen enpresa hartzekodun aurre lehiaketan sartu zen eta lanak utzi zituen ekainean

 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Urigintza zinegotziak, adierazi duenez, Santamañe kale inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari zirela enpresa esleipenduna hartzekodun aurre lehiaketan sartu zen eta lanak utzi zituen. Hori dela eta, lanak etenda egon dira, baina, jakinarazi duenez, beste enpresa batek laster jarraituko du lan horiekin ahalik eta arinen tramitazio guztiak egin ondoren. 

Santamañe kaleko lanak, maiatzaren 7an, astelehenean, hasi ziren eta ekainean lan horiek egiten ari zen enpresak Bermeoko Udalari komunikatu zion hartzekodun aurre lehiaketan sartu dela eta lanak uzten dituela. 

“Arazo horren aurrean, gauzak ahalik eta arinen konpontzen saiatu gara eta behar diren tramiteak egiten, lanak  ahalik eta arinen berriro hasteko; izan ere, oso garrantzitsuak dira gune horretan irisgarritasuna bermatzeko”, azaldu du Ormaetxeak. Ildo horretan, beste enpresa batek lanekin jarraituko duela eta laster hasiko dela adierazi du. 

Ormaetxeak gogoratu duenez, lan horien bidez, Santamañe kaleko espaloia zabaldu eta berrituko da Kurtzioko sarreraraino. Horretarako, Santamañe kaleko 16 eta 17 zenbakidun eraikinaren aurrealdearen dagoen hesia eraitsi da. “Hesi hori bere garaian jabego pribatu bat inguratzeko egin zen, baina, gaur egun, espaloi publikoa estutzen du eta irisgarritasuna bermatzeko behar den zabalera eragozten du”, azaldu du Ormaetxeak. 

Hori dela eta, adierazi duenez, Bermeoko Udalak lur-sail horren jabeekin akordio bat lortu du eta, horren ondorioz, hesia eraitsi da eta lur zati hori erabilera publikora zabalduko da. “Berrituko dugun espaloiaren luzera 135 metrokoa da eta azalera 500 m2-koa, Santamañe kaletik Kurtzioko sarreraino”, adierazi du.

 “Horrela, kale osoaren zoladuraren uniformetasuna lortuko da eta askoz ere erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izango da bertatik ibiltzea, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetuz”, azpimarratu du Ormaetxeak. 

Ildo berean, Kurtzion era desegokian dauden eskailerak ere konponduko dituztela jakinarazi du. “Ekimen horiek, zalantza barik, inguru horretako irisgarritasuna eta itxura hobetzen lagunduko dute”, azaldu du. 

Irune Ormaetxeak adierazi duenez, Santamañe kaleko lanak, orain dela gutxi Almike eta Trake kaleetan egindakoak bezala,  irisgarritasun plangintzaren barne kokatu behar dira. “Bermeo herri irisgarria izateko, Bermeoko Udalak irisgarritasun plangintza hori egin zuen eta urtero aurrerapausoak emateko konpromisoa dago”, azpimarratu du. 

 

04 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0