Albistea
Bermeoko Udalak, Bertonen laguntzarekin, lehenengo aldiz, Gabonetako erakusleihoen lehiaketa antolatu du, izan ere, Udalaren helburua da Bermeoko erakusleihoen apainketa bultzatzea, herriko kontsumoa suspertzeko, azpimarratu du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Merkataritza eta Turismo zinegotziak.
Horrela, erakusleihoen lehiaketa Bermeoko saltoki guztiei zuzenduta dago; gaia, zelan ez, Gabonak dira, eta izena emateko epea urriaren 15etik 31ra arte da, Berhaz bulegoan. Kanpainan izena emateko eskaera orria Bermeoko Udaleko webgunean dago eskuragai www.bermeo.eus (https://bit.ly/2CcYwNs)
Erakusketa abenduaren 1etik 15era izango da eta establezimenduen parte-hartzaileen kasuan bi sari emango dira, batetik, herritarrek erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa, hain zuzen ere; eta, bestetik, epaimahaiak erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa ere bai.
Herritarrak 500 euroko zozketa
Herritarrek euren botoekin erakusleiho ederrenak aukeratzeko eta, bide batez, denda parte-hartzaileetan gastatzeko 500 euroko zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, liburuxka batzuk banatuko dira, liburuxka horretan establezimendu parte hartzaile guztiak agertuko dira, eta 20 erakusleiho ikusi eta horien merkatarien zigilua lortu ondoren, herritarrek gustukoena bozkatu ahal izango du.
Bozkatzea abenduaren 1etik 15era izango da Bermeoko Kultur etxean, Turismo bulegoan, Berhazen eta Behargintzan. Bozketan parte hartzen duten pertsonek 500 euroko saria irabazteko aukera izango dute lehiaketan parte hartu duten dendetan gastatzeko. Zozketa abenduaren 17an egingo da, Gabon bezperatan.
Epaimahaiaren kasuan, Bermeoko Udaleko eta hainbat kultur elkarteetako kideek osatuko dute eta establezimenduen erakusleihoak hainbat ezaugarri kontuan hartuta baloratuko dituzte: irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena, sormena, kalitatea, iluminazioa eta modernidadea eta berrikuntza.
Irune Ormaetxeak establezimendu guztiak animatu ditu erakusleihoen lehiaketan parte hartzera, tokiko kontsumoa sustatzeko ekimen “positiboa” delako, “erakusleiho apainduak beti ere erakargarriagoak direlako bezeroarentzat” eta “horrek kontsumoa sustatzen duelako”. Era berean, “herritarrak euren botoekin lehiaketa honetan parte hartzera animatu ditu, erakusleiho ederrak eta gure denden kalitatezko eskaintza ikusteaz gain, 500 euroko zozketa batean parte hartzeko aukera izango dutelako”. “Animatu eta parte hartu!”, deia egin du.
“Erakusleihoen lehiaketa, Bermeoko bonoa eta beste ekimen batzuk bezala, herriko merkataritza sustatzeko beste pauso bat da, guretzat tokiko komertzioa apustu garrantzitsua delako; izan ere, herriko merkataritzak herrian dituen onurak asko dira, herri bizia, garapena eta enpleguak sortzen dituelako, besteak beste. Erosi Bermeon!”, nabarmendu du Ormaetxeak.
010 (94 617 91 00)