Albisteak

Albistea

Atuna eta Bermeo Tuna World Capital proiektua Bermeoko Arrain Azokaren protagonista garrantzitsuak maiatzaren 18, 19 eta 20an

Programa zabala eskainiko du Bermeoko itsas ondare kulturalaren, ekonomikoaren eta gastronomikoaren erakusleiho paregabea den Bermeoko Arrain Azokak eta gure ingurumena zaintzearen aldeko apustua egiten du

 

 

Bermeoko XXIV. Arrain Azoka maiatzaren 18, 19 eta 20an egingo da, eta aurten protagonismo berezia izango dute atunak eta  Bermeo Tuna World Capital (BTWC) proiektuak; izan ere, hainbat izango dira atuna oinarri izango duten ekimenak: hitzaldiak, showcookingak, atun errea Kofradi Zaharrean, maridajeak eta Hegaluze saria ere atun-ontzi izozkaikuek jasoko dute. Horrez gain, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) proiektua Arrain Azokan aurkeztuko da eta bere espazio propioa izango du. Gune interesgarri horretan ohiturek eta berrikuntzek bat egingo dute eta gazte zein nagusiek ondo pasatuz ikasteko aukera izango dute. 

300 metro karratuko espazio horretan AZTIk, PIE-EHUk, HAZIk eta azokako enpresek parte hartuko dute eta hainbat ekimen berritzailerekin gozatzeko aukera egongo da: Basque Culinary Center-en showcooking Campos-en eskutik; arraina eta ardoaren arteko maridajeak, PIE-EHUren aularioa; Iñigo Onaindiak (AZTI) tunidoen markaketea azalduko du eta hainbat erakusketa, tailer eta dastaketa izango dira azokan parte hartzen duten enpresen eskutik. Horrez gain, ResQ enpresa, Euskaraldia eta Arraina eta Ardoaren ibilbidea aurkeztuko dira, besteak beste. 

Era berean, aurten ere Bermeoko Kofradi Zaharrean atun errea eta marmitakoa dastatzeko aukera egongo da, helburu solidarioekin;  eta asko izango dira Arrain Azokak itsas munduarekin gozatzeko eskainiko dituen aukerak: Nautika eskolako nabigazio simulagailura bisitak, itsas irtenaldiak, arrain salmenta-itxurak, hitzaldiak… Gure hizkuntzak, euskerak, ere izango du tokia Arrain Azokan bertan aurkeztuko baita Euskaraldia ekimena.

Programa zabala eskainiko du Bermeoko itsas ondare kulturalaren, ekonomikoaren eta gastronomikoaren erakusleiho paregabea den Bermeoko Arrain Azokak. Horrela adierazi du gaur Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, Arrantzaleen Museoan egindako Bermeoko XXIV. Arrain Azokaren aurkezpenean. Berarekin batera Leandro Azkue, Arrantza eta Akuikultura zuzendaria; Irune Ormaetxea, Turismo eta Merkataritza zinegotzia; Bego Gangoiti, Turismo arduraduna eta  Miriam Prieto, BBKko Bermeoko sukurtsaleko zuzendaria. 

Bermeoko alkateak aurtengo Arrain Azokak beste berrikuntza bat izango duela azpimarratu du, Erronka Garbia proiektuaren barne baitago eta Bermeoko Arrain Azokak ingurumena errespetatzeko eta iraunkortasuna lortzeko hainbat neurri hartuko ditu, besteak beste, Bermeoko Kofradi Zaharrean erabiliko den ontziteria konpostagarria izango da eta paperaren erabilera gutxituko da, esate baterako, aurten ez da programarik argitaratu paperean. Ildo berean, tabernen beira bilketa eta stand-en kartoi bilketa atez ate egingo dira eta tabernen kasuan sentsibilizazio kanpaina ere martxan jarriko da hurrengo astean.  Horrez gain, ahalik eta ontzi eta kartoi gutxien erabiltzeko konpromisoa hartu dute parte hartzaile guztiek, besteak beste. 

Bermeo Tuna World Capital espazioari dagokionez, bertan, aurkeztuko da, barikuan, maiatzaren 18an, Bermeo Tuna World Capital proiektua, Hegaluze saria banaketaren ekitaldia egin ondoren eta, ostean, Arrain Azokaren inaugurazio ofiziala izango dugu. Horrez gain, barikuan Camposen eskutik,  Basque Culinary Center-ek erakusketa egingo du, eta egun horretan Euskaraldiaren eta Arrain eta ardoaren ibilbidearen aurkezpenak izango ditugu. 

Barikuan zein zapatuan, BTWC gunean, AZTIko  Iñigo Onaindiak tunidoen markaketa azalduko du, eta erakusketak, tailerrak, aurkezpenak, eta dastaketak izango dira azokan parte hartzen duten enpresen eskutik. 

Era berean, espazio horretan, Arrain azokaren hiru egunetan, ResQ enpresa berritzailea aurkeztuko dute gazte ekintzaileek eta EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak, hau da, Plentziako Itsas Estazioak (PIE), aularioa izango du eta bertan muxilen esperma atera eta itsas trikuen enbrioiak zelan sortzen diren erakutsiko du eta mikroalgen erreaktoreei buruzko azalpenak emango ditu. 

Domekan, maiatzaren 20an, Arrain eta Ardoaren ibilbideko parte hartzaileei harrera emango zaie, ibilbideko azken etapari bukaera emango diotelako, Bermeoko Arrain Azokako BWTC gunean. Horrez gain, Martinez Bujanda upeltegiak eta Arroyabe kontserberak arraina eta ardoaren arteko maridajea egingo dute. 

Gure Itsas ondarea eta tradizioak zaindu eta erakutsi 

Irune Ormaetxeak azaldu duenez, Bermeoko Arrain Azokaren helburua da  gure itsas ondarea eta tradizioak zaintzea eta erakustea eta, horretarako, hainbat ekimen antolatu dira Arrain azokako egun guztietan: arrain salmenta itxurak data hauetan bakarrik ikus daitezkeenak, irtenaldiak Hegaluze itsasontzian eta Aita Guria baleontzira eta Arrantzaleen Museora sarrera dohainik. Ildo berean, barikuan 17:00etan Galerna elkarteak antolatuta, umeei portu barruan belaontzian nabigatzeko aukera eskainiko die. Irteera Izotz fabrika aurretik izango da. 

Aurten gainera Nautika eskolak ateak zabalduko ditu barikuan eta zapatuan, Nautika eskolako nabegazio simulagailura eta planetariuma bisitatu ahal izango dira 11:00etan eta familientzako korapilo tailerrak izango dira. Horrez gain, Arroyabe kontserba lantegia bisitatzeko aukera egongo da zapatuan 11:00etan eta 12:00etan. 

Ildo berean, Arrain Azokako aurreko egunetan hitzaldiak antolatu dira Bermeoko Arrantzaleen Museoan: Maiatzaren 15ean, martitzenean, Robert Ugaldek ‘Rentabilidad del sector atunero congelador, periodo 2010-2016’ hitzaldia eskainiko du; maiatzaren 16an, eguaztenean, Juan Antonio Apraizek “Euskal atunzale izoztaileak 1964-1984. Argazkidun hitzaldia’ eta maiatzaren 17an, eguenean, Iciar Martínez Galarzak ‘Efecto beneficioso del consumo de atún en base a su contenido en compuestos bioactivos de selenio”. 

Kofradia zaharra 

Bego Gangoitik azaldu duenez, aurten, bigarren aldiz eta joan den urtean izandako arrakasta kontuan hartuta, Bermeoko Kofradia Zaharrak ateak irekiko ditu eta, bertan, atuna erreta eta marmitakoa jateko aukera egongo da. Gainera, helburu solidarioak izango ditu, eta lortzen den dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzera bideratuko da. 

Bestalde, Lameran karpa txiki bat egongo da eta bertan era ezberdinetako jatekoa ematen duten hiru stand kokatuko dira: “Gastronorte” gure produktuekin egindako arrain pintxoak eta txakolina izango duena; Camus, arrain kontserba eta itsaskiz egindako enpanadak eskainiko dituena, eta Rue del Percebe, lanpernak, izkirak, magurioak, nekorak, lanperna-kroketak eta lanperna-izozkia dastagai izango dituena”. 

Bestalde, Gangoitik adierazi duenez, aurtengo Arrain Azokan 21 erakustoki egongo dira. Horietan enpresek eta erakunde ezberdinek haien produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko, eta, horrez gain,  arrantza mundua erakutsiko dute. 

Gainera, aurten erakusle gonbidatu bezala Martínez Bujanda Bodega izango dugu, eta bere presentzia garrantzitsua da Ardoa eta Arrainaren ibilbidea domekan, maiatzaren 20an, Arrain azokan bukatuko delako. Azokaren ordutegia 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da ostiralean eta larunbatean eta 11:00etatik 15:00etara igandean.

Jai giro paregabea 

Arrain Azokaren inguruan antolatutako ekimen kulturalak ere asko izango direla adierazi du alkateak. Bere esanetan, herriko kultur taldeen inplikazioari esker, Bermeon 18, 19, eta 20ko asteburuan “jai giro paregabea lortuko dugu, “fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroekin herria alaitzea lortuko baitute”. 

Habanerak ere izango dira Frontoian larunbatean, Radio Nervionek antolatuta, aurten ere iluntzeko 20:00etan izango dira, iazko moduan. Larunbatean, 11:00etan V. Ikurrina batelen estropada egingo da eta 13:30ean sari banaketa kioskoan. 

Bermeoko Arrain Azokako erakustokiak ostiralean goizeko 11:00etatik aurrera bisitatu ahal izango dira, eta inaugurazio ekitaldia 12:00etan hasiko da eta, bertan, Hegaluze saria emango da, BWTC proiektua aurkeztuko da eta, azkenez, Arrain Azokari hasiera ofiziala emango zaio. 

“Hortaz, era guztietako ekimenez eta nobedadeekin beteta datorkigu gure Arrain Azoka eta pertsona guztiak gonbidatu nahi ditut Bermeorentzat hain garrantzitsua den ekimen honetan parte hartzera, izan ere, gure produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok maiatzaren 18, 19, eta 20an”, azpimarratu du. 

Eusko Trenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu arrain azokaren egunetan eta Bermeon Matxikorta, Landabasoko Poligonorazko bidean, eta Udal Azokako parkingean ere aparkatzeko aukera egongo da. Gainera, aurten nobedade moduan, Erronka Garbia proiektuaren barne, mugikortasuna hobetzeko helburuarekin, Bermibus zerbitzua eskainiko da asteburu osoan, Arrain azokako ordutegian. 

Bidegurenek Bermeoko herriarentzat azoka honek duen garrantzia azpimarratu du eta Euskal Herrian mota honetako lehenengo azoka dela gogoratu du. “1994. urtean hasi ginen azoka hau antolatzen kontserberak eta Udala elkarlanean eta erreferentea izateko lanean ari gara urtero, gure apustu garrantzitsu bat izanik”, adierazi du. 

Programa osoa:

www.bermeo.eus/fileadmin/bermeokoudala/doc_bermeo/Nabarmenbiratu/arrain_azoka_euskeraZ.pdf

 

 

10 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0