Albisteak

Albistea

Mareak jaialdiak estilo ezberdinetako ekimen kulturalak eskainiko ditu Bermeon urriaren 5etik 11ra

Tradizioa eta abangoardia batzen dituen Jaialdi honek bere laugarren edizioa ospatuko du

 

Mareak jaialdiak abangoardia eta tradizioa batzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu Bermeon urriaren 5etik 11ra. Jaialdi honen laugarren edizioak zenbait eszenatokitan egingo diren zortzi ekitaldi kulturalekin (kontzertuak, ipuin kontalariak, proiekzioak…) gozatzeko aukera eskainiko die bertaratzen diren pertsona guztiei. 

Ane Ortubek, Mareak jaialdiaren antolatzaile eta ordezkariak, eta Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo zinegotziak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalak, MB2000 elkarteak eta  Bermeoko Udalak antolatutako Mareak jaialdia aurkeztu dute gaur Bermeoko Arrantzaleen Museoan; izan ere, toki hori jaialdiko ekimen baten eszenatoki bilakatuko da. 

Zehazki, Bermeoko Arrantzaleen Museoak Mareak jaialdiari hasiera emango dio, bertan Eneritz Artetxeren Lurrazpiko Ipuinak ipuin saioa hartuko baitu urriaren 5ean, barikuan, 19:00etan. Iluntasunean, epeletan eta lur barruan ontzen dira istoriorik beharrezkoenak. Irudimenezko izaki arketipikoak, beldurren eta desioen jatorri zein isla, publikoa lilurazko munduetara eramango dutenak dira, hain zuzen ere, lur azpiko ipuinetako protagonistak. Sarrera dohainik da. 

Urriaren 6an, zapatuan, bi kontzertu izango dira Mareak jaialdiaren barne; batetik, Estatu Batuetako Nickel & Rose eta, bestetik, Japoneko Acid Mother Temple & The Melting Paraiso. 

Batetik, Beleza Malandra Ateneo kulturalak Nickel & Rose bikotearen kontzertua hartuko du arratsaldeko 20:00etan. Bikote horren proposamenean blues, soinu afrikar, bluegrass, jazz eta folkaren arteko bideguretze bat aurkituko dute bertaratzen direnek. Bakarra den soinua sortzen dute, amerikar musika onenaren iragana eta etorkizuna batuz. Sarrera 5 euro da. 

Bestetik, gaueko 22:00etan Bermeoko Kafe Antzokian Japoneko Acid Mother Temple & The Melting Paraiso taldearen kontzertua entzuteko aukera izango dugu. Psikodelia japoniarraren erregeak fase berri batean sartu dira Jyonson Tsu abeslariarekin. Bere zuzenekoak progresiboak eta antzerki itxurakoak dira, eta asmaturiko hizkuntza batean abesten du, kultuzko talde honen kontzertu lisergikoei bizi berria emanez. Talde japoniar beteranoaren bizi berri hau lehen aldiz izango da Europan, Bermeon, hain zuzen ere. Sarrera 10 euro izango da leihatilan eta 8 euro on line (http:/bermeokokafeantzokia.com). 

Urriaren 7an, domekan, Gipuzkoatik datorren Inoren Ero NI taldearen kontzertua izango da eguerdiko 13:30ean Beleza Malandra Ateneo kulturalan. Hasieran batean post-hardcorearen barruan sartu ditzakegu, baina Inoren Ero Ni sailkatzeko zaila den taldea da. Estilo aniztasunak eta abestien tempoekin egiten dituzten jolasek melodia aztoragarri, original eta ausarten zurrunbilo batean murgiltzen dituzte entzuleak, sormena zabal eta mugarik gabe barreiatuz. Sarrera 5 euro izango da. 

Theory of obscurity: A film about the residents The Residents taldeari buruzko dokumentala ikusteko aukera izango dugu urriaren 8an, astelehenean, Bermeoko Kafe Antzokian, dohainik. Taldeari buruz jakin behar den guztia dokumental honetan dago: hippie mugimendutik kanpoko kontrakulturan hasi zirenean, izenaren jatorria, diskoen azalen diseinuak, bideoklipak (historiako lehenak) eta bere filosofia. 

Bestalde, Kentuckytik datozen Emma Ruth Rundle & Jaye Jayle-k kontzertua eskainiko dute urriaren 9an, asteartean, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan, iluntzeko 20:00etan. 

Emma Ruth artista izugarria da; kantautore, gitarrista eta artista bisuala da eta bere musika ilun eta ederrarekin entzulea laztantzen du. Ambient, folk eta post rockaren artean mugitzen da, eta arreta bereganatzen du ahots ikusgarriarekin eta taula gainean erakusten duen magnetismoarekin. Berarekin batera Jalye Jayle izango dira, Evan Patterson karismatikoaren proiektua, lankidetza errepikatuz. Lousvillwkoek soinu propiodun abestiak eskainiko dituzte, psikodelia, punk, americana, folk edo AEBtako hegoaldeko gotikoen eraginekin. Sarrera 10 euro izango da leihatilan eta 8 euro on line (http:/bermeokokafeantzokia.com). 

Urriaren 10ean, asteazkenean, eszenatoki berezia izango dugu, Kurtzioko baseliza, hain zuzen ere. Bertan Bermeoko Kankikabara txistu taldeak ikuskizuna eskainiko du 20:00etan, eta musika tradizionalean, narrazioan eta dantzan zehar egindako bidaia erakutsiko dute, Bermeoko gizon eta emakumeek egiten dituzten lanak, jaiak, kaleak, ohiturak eta berezitasunak gogoratzeko. Gainera, guzti hori folk musikarekin jantziko dute. Sarrera dohainik izango da. 

Mareak jaialdia Berako Pettiren kontzertuarekin bukatuko da urriaren 11n, ostegunean, Beleza Malandra Ateneo kulturalean 22:00etan. Bertaratutakoek Pettiren musikaren eragin ezberdinekin gozatzeko aukera izango dute. Berritzaile beti, rock, folk, soul, blues eta pop soinuak ederki batzen dira arima sakona duen ahotsarekin eta gitarra “zarratatzeko” duen modu berezkoarekin. Oraingoan bakarka dator, formatu akustiko eta elektrikoan, bere lanen arteko ibilbide bat proposatuz. Sarrera 5 euro izango da.  

Ortubek azaldu duenez, “urte osoan jaialdiaren egitaraua ilusioz prestatzen ari izan gara, eta espero dugu interesgarria izatea”.
“Gure lan egiteko filosofia Mareak jaialdian herri kulturaren bitxi eder eta txikiak eskaintzea da, normalean inor ohartu barik igarotzen direnak”, azpimarratu du.

Azkenez, Ortubek eta Ormaetxeak pertsona guztiak gonbidatu dituzte Mareak jaialdian parte hartzera, kulturarekin gozatzeko aukera paregabeak eskainiko dituelako ekimen kultural ezberdinen bidez. “Zuon gogokoa izatea eta gozatzea espero dugu”, nabarmendu du Ortubek. 

27 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0