Albistea
Unai Ormaetxearen Bille izeneko liburuan oinarrituriko ikuskizuna eskainiko dute egileak berak eta Inun kantautoreak, maiatzaren 4an, barikuan, 19:30ean, Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Sarrera dohainik izango da. Bille ikuskizuna Unai Ormaetxea eta Mikel Inunziaga Inun zornotzarrek prestatutako kantaldi-errezitaldia da eta musika eta bertsoak uztartzen ditu.
2016ko irailean argitaratu zuen Unai Ormaetxeak bere hirugarren liburua, Bille izenekoa. Ormaetxearen berbetan, “Bille eguneroko moduko bat da, urtaro bakoitzeko giro eta kutsu jakin bateko testuak biltzen dituena”.
Mikel Inunziagak, Inun Zornotzako musikariak, bere ahotsarekin eta gitarrarekin lagunduta eskainiko du Unai Ormaetxeak Bille liburuan oinarrituriko emanaldia Bermeon, maiatzaren 4an, barikuan. Bere azken liburuko testuak errezitatuko ditu Ormaetxeak, eta liburuko bertso-sorta batzuk kantatuko ditu Inunekin.
“Sinplea, gordina, izango da ikuskizuna”, esan du Ormaetxeak, “formatu txikiko ordubeteko emanaldia”. Bille liburuan islatutako urtaro bakoitzeko lau testu aukeratuko dituzte emanaldirako, eta urtaro bakoitza Inunen Berreginez diskoko kanta batek itxiko du.
Exkixu eta Ken 7 taldeen kontzertuetan bertsotan aritu izan da urteetan Ormaetxea, eta bere liburukoa oholtzatik eskaini gura du orain. Ikuskizun honetan Unai Ormaetxearen bertso, doinu, olerki, aipu, ipuin... entzun ahal izango ditugu, Inun kantautore gaztearen musika eta kantekin bat eginda, irudi eta eszenografia minimalista batekin.
Hortaz, Bermeoko Udalak herritarrak Bille errezitaldi-kantaldira gonbidatu ditu maiatzaren 4an, barikuan, Bermeoko Arrantzaleen museoan.
010 (94 617 91 00)