Albistea
Aste Santuan Bermeok azken urteotako bisitari kopururik handiena izan du, izan ere, 1.321 pertsona pasa dira Bermeoko Turismo Bulegotik Aste Santuko egunetan (apirilaren 13tik 17ra) iaz baino %11,5 gehiago eta 2015ean baino %41 gehiago. Gaztelugatxeko San Juaneri dagokionez, bertan ezarritako informazio puntuetatik 4.000 pertsona baino gehiago pasa dira. Hortaz, guztira Bermeoko informazio puntu ezberdinetatik 5.321 pertsonatik gora pasa dira, oso datu positiboa, gainera kontuan hartuta bisitariak askoz gehiago izan direla, izan ere, bisitari guztiak ez dira informazio puntuetatik pasatzen.
Ildo berean, Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juanera eskainitako autobus zerbitzua bete egin da, 950 pertsonek erabili baitute. Horrez gain, ostatuak %100ean bete dira, jatetxeek eta tabernek bezero asko izan dituzte eta turismo aktiboak oso harrera ona izan du.
Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Irune Ormaetxeak, Turismo eta Merkataritza zinegotziak, eta Bego Gangoitik, Turismo Bulegoko arduradunak datu horiek aurkeztu dituzte gaur eskainitako prentsaurrekoan, eta balorazio “oso positiboa” egin dute.
Bidegurenek gogoratu duenez, Bermeok eskaintza turistiko zabala eskaini du Aste Santuan, eta bisitarien erantzuna oso ona izan da. Bermeoko Turismo Bulegotik Aste Santuko egunetan pasa diren turisten jatorriari gehienak euskaldunak izan dira (%19,15), ondoren katalanak (%13,93) , madrildarrak (%12,72) eta galiziarrak (%9,46). Besteak beste, Frantzia, Iberoamerika, Japon eta Italiako bisitariak ere pasa dira turismo bulegotik.
Ormaetxeak gogoratu duenez, “aurten, bigarren urtez, Aste Santuko egunetan Gaztelugatxeko San Juanera joateko Bermeoko Udalak autobus zerbitzua eskaini du, turismo jasangarria bultzatzeko garraio publikoan joateko aukera ematea garrantzitsua dela uste dugulako, eta erantzuna benetan ona izan da, 950 pertsonek erabili baitute iaz baino %206 gehiago”.
Bere esanetan, “oso positiboa da 950 pertsonek garraio publikoa erabiltzea Bermeoko Gaztelugatxeko San Juanera joateko, horrek turismo jasangarria bultzatzen laguntzen duelako, batez ere jai egunetan inguru horretan sortzen diren trafiko arazoak aurreikusita”. Horregatik, “zerbitzu hori ezinbestekoa dela uste dugu, Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan bisitatzen doan jende kopurua kontuan hartuta”, azpimarratu du Bermeoko alkateak.
Bestalde, Ormaetxeak gogoratu duenez, Bermeo Nordic Walking gune da eta hori “gure eskaintza turistikoaren berrikuntza bat izan da aurten, herrian egiteko lau ibilbide eskainiz”. Horrela, hainbat izan dira kirol hori egitera animatu diren bisitariak.
Bale Arrantzaren Interpretazio Zentroa den Aita Guria baleontziari dagokionez, marea biziak direla eta, goizetan itxita egon da. Hala ere, 150 bisitari izan ditu Aste Santuko egunetan.
Ostatuak, jatetxeak eta turismo aktiboa
Bermeoko ostatuei dagokienez, jai egunetan %100eko betetze maila izan dute. Jatetxeen okupazioa ere eguerdietan %100ekoa izan da eta tabernak ere beteta egon dira egunean zehar. Turismo aktiboaren kasuan, besteak beste, itsas irtenaldiak oso harrera ona izan dute, aukera erakargarria baitira gure herria bisitatzen dutenentzat.
Ildo berean, adierazi duenez, Arrain Azokako pintxo lehiaketaren ibilbideari hasiera eman zaio Aste Santuan eta “harrera ezin hobea” izan du, pertsona asko izan baitira arrainarekin egindako pintxo goxoak dastatu dituztenak. Ekimen horrek jarraipena izango du maiatzaren 14ra arte dauden asteburu eta jai egunetan. “Horrez gain, Alde Zaharreko dendetan Barrueta Arte Elkarteko koadroak ere ikusgai egon dira, eta horrek ere aberastu egin du gure denden eskaintza”, gaineratu du.
Bestalde, Bermeoko auto-karabanen gunea beteta egon dela adierazi du Ormaetxeak, gero eta pertsona gehiago baitira zerbitzu hori erabiltzen dituztenak.
Idurre Bidegurenek eta Irune Ormaetxeak adierazi dutenez, Aste Santuko turismo datuak “onak” izan dira. Horrela, Bermeoko Udalak turismo jasangarriaren alde egiten duen apustua berretsi dute, hain zuzen ere, “gure arrantza herri izaera nabarmendu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta mantendu eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismo jasangarriaren aldeko apustua”.
“Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak lantzen jarraituko dugu”, adierazi du. Ildo honetan, gaineratu duenez, “Gaztelugatxeko San Juanek eskaintzen dituen aukerak ondo aprobetxatzeko eta turismo jasangarria bultzatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lanean ari gara”.
010 (94 617 91 00)